Udalbatzak erabakiko du udalbatzarren ordutegia
Udalbatzaren Araudi Organikoaren hasierako onarpen eman diote gaur udalbatzarrean, aho batez. Hala, behin-behineko onarpena eman diote testuari, eta 20 egunez jendaurrean jarriko dute orain, herritarrek ere zuzenketak egin ahal izateko. Hori bai, Bilduk aurkeztutako emendakinak atzera bota ditu oposizioak, eta aldaketen artean udalbatzarraren ordutegia eta ordua Udalbatzak erabakitzea babestu dute PSE-EEk, EAJk eta PPk.
Juan Karlos Izagirre alkateak esan du aldaketa hori «irain» bat dela herritarrekiko. «Eguna finkatzeko garaian ez dut uste arazorik izango dugunik, baina bilabetean behin berandu egiten zaigula esatea irain bat da herritarrekiko, kobratzen duguna kobratuta, egoera dagoen bezala», kritikatu du Izagirrek. Hain zuzen ere, udalbatzarra 13:00etan egitea defendatu du alkateak, agintaldian orain arte egin duten bezala, udal gobernuaren ekimenez, herritarrei saioa jarraitzeko aukera emateko. Oposizioak, berriz, ordutegi horrekin udalbatzarra beranduegi bukatzen dela adierazi du; hots, lan jardunaldia gehiegi luzatzen dela.
Araudi zaharkitua
Desadostasunak desadostadun, Udalbatzaren Araudi Organiko eguneratuaren testu orokorra aho batez onartu dute. Ia urtebetez aritu da batzorde berezi ez-iraunkor bat Osoko Bilkuraren Araudi Organikoa aldatuko duen testua eztabaidatzen. Izan ere, 2004an egindako zuzenketa txiki batzuk izan ezik, udalbatzarren araudia duela hamar urtez geroztik eguneratu gabe zegoen.