Bigarren Mendeurrena gogoratzeko lasterketa berezia egingo dute abenduaren 15ean
Kirolprobak.com webgunearen bitartez edo Gipuzkoako Ostalaritza sareko edozein taberna eta jatetxetan eman daiteke izena. Prezioa 10 eurokoa da aurrez txip horia dutenentzat eta 12 eurokoa txipa alokatu behar dutenentzat.
Dortsalak bezperan, larunbata abendua 14, jaso ahal izango dituzte Okendo plazan, 16:00etatik 20:00etara. Edo egunean bertan Konstituzio plazan 8:30etik aurrera.
Banakako nahiz taldekako irabazleentzako sariak banatuko dituzte eta parte hartzaile guztien artean ere zozketak egingo dituzte.
Zazpi kilometro izango ditu lasterketak eta Konstituzio plazan hasi eta amaituko da.
Donostia erre eta berreraikitzea erabaki zutenetik 200 urte igaro dira eta data nahiz gertaera haiek gogoratzeko antolatu diren jarduerak amaitzear dira. Azken jarduera horietako bat hiriko kale esanguratsuenetariko batzuk zeharkatuko dituen lasterketa da. Josu Ruiz Kirol zinegotziak adierazi duenez, “lasterketa bat bada ere festarako aitzakia gisa hartu behar da ez lehiakortasunerako jarduera gisa”.
Bigarren Mendeurreneko lasterketak herritarren parte hartzea du helburu eta belaunaldi ezberdinen arteko erronka gisa aurkeztu dute. Izan ere, 14 urtetik gorako edonork hartu dezake parte lasterketan.
Esan bezala, Konstituzio plazan hasi eta amaituko da zazpi kilometroko ibilbidea. “Parte Zaharreko plaza hau hiriko erdigunea izanik duela 200 urte ere omenalditxo bat egin nahi izan zaio”, esan du Ana Araujo, Streetmarketing enpresako ordezkariak.
Lasterketaren ezaugarriak
Lasterketa 10:00etan hasiko da. Konstituzio plazatik abiatu eta Iñigo kalea, Aldamar kalea, Salamanka pasealekua, San Juan Kalea, Abuztuaren 31 kalea, San Jeronimo kalea (bertan dago lurreko atea), Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Zubieta kalea, Kontxa pasealekua, Satrustegi hiribidea, Eduardo Txillida pasealekua, Satrustegi hiribidea, Kontxa pasealekua, Alderdi Eder, Mari kalea, Portaletas (itsaspeko atea), eta Portua zeharkatu eta bueltan Konstituzio plazara sartuz osatuko dute ibilbidea parte hartzaileek.
Izen ematea zabalik dago dagoeneko.