Arantzazuko Ama ikastetxea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak 124.800 euroko partida bat onartu du ikastetxeei eta irakaskuntzari loturiko elkarteei bideratzeko; 63 proiektuk jasoko dute diru laguntza.
Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak adierazi du diru laguntza hauek hezkuntza programa eta proiektuak babesteko helburua dutela. Bere hitzetan, “Udalak hezkuntzaren alorrean eskuduntzarik ez badu ere, oso garrantzitsua da guretzako alor horretan egiten diren programa eta proiektuak babestea, eta horregatik partidari eutsi diogu, murrizketarik gabe. Gure ikuspuntutik hezkuntza da gizarte baten ardatza eta giza eskubide bat da, babestu eta sustatu beharrekoa”.
Diru laguntza hauek ikastetxe publiko eta hitzartutakoei zuzentzen zaizkie, eta baita guraso elkarteei ere. Haur Hezkuntzatik hasi eta, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak dituzten ikastetxeak dira batez ere onuradunak.
Hauek dira diru laguntza jasoko duten jarduerak:
-Jarduera Osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren programak.
-Hezkuntza kongresu eta jardunaldiei eta baita ikastaro eta topaketa pedagogikoen antolaketari ere.
-Liburutegi mediatekak eta eskola-liburutegiak hobetzeko programak.
-Esperientzia berritzaileak bultzatzen dituzten proiektuak.
-Eskola-trukaketarako proiektuak.
-Haur eskola publikoetako sukalde-jangela zerbitzuak.
Sampedrok aurreratu du urtetik urtera gero eta gehiago aintzat hartzen direla hezkuntzaren alorrean sustatzen diren esperientzia berritzaileak; “Hiriko ikastetxe batzuetan ahalegin berezia egiten ari dira lan ildo berriak garatzeko, lan egiteko modu berriak praktikan jartzeko, eta ahalegin hori diruz laguntzearekin batera aitortu ere egin nahi dugu, esperientzia berritzaile hauek bide berriak jorratuko baitituzte lan dinamiken alorrean, zaharkituak dauden mekanismoak ordezkatuz”.