Abenduaren 13an izendatuko dituzte frankismoaren biktimen oroimenez egindako lanik onenak
Gaur elkartu da lehen aldiz Donostiako Udalak altxamendu frankistan eta ondorengo urteetan exekutatu zituzten 400 donostiarrak oroitzeko ideien lehiaketaren epaimahaia.
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea da epaimahaiburua. Gainerako kideak Giza Eskubideen Bulegoa, Auzoak eta Herritarren Partaidetza Bulegoa, eta Hiri Azpiegiturak eta Zerbitzuen Zuzendaritzako ordezkari bana, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Genozidioaren Biktimen Elkarteko kide bana, eta udal idazkaria dira.
Epaimahai honek hiru sari ebatziko ditu: Lehen saria 2.000 eurokoa, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa.
Guztira hemezortzi lan aurkeztu dituzte, euskarri ezberdinetan: memoriak, maketak, argazkiak eta CD-ak, besteak beste.
Aurkeztutako lanak ondoko irizpideen arabera baloratuko dituzte: oroitzen den gertaera historikora egokitzea, lanaren diseinua eta originaltasuna, ezaugarri materialak, eta ikusgarritasuna eta inguruarekiko egokitasuna. Hortaz, epaimahaiak egoki ikusten badu, irabazlearen lana Donostiako gune adierazgarriren batean jarriko dute.
Sarituen zerrenda abenduaren 13an emango dute ezagutzera. Ideien lehiaketa irailaren 13an jarri zuen abian Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak, eta parte hartzaileek azaroaren 13ra bitarteko epea izan dute lanak aurkezteko.
Lehiaketa honek hiriko oroimen historikoa berreskuratzeko ekarpena egin nahi du, frankismoaren biktimen sufrimenduaren lekukotza utziz.