Ehun lagun inguru bildu dira Plaza Haundin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Ihesean, herbestean eta kartzelan bi hamarkada baino gehiago eman eta gero, Axun Gorrotxategi eta Jon Artola egiatarrek askatasuna berreskuratu zuten duela lau urte. Bizitza publikoa eta arrunta egin dute orduz geroztik, baina asteazkenean berriro kartzelaratuko dituzte: Axun Gorrotxategik 206 egun betetzeko; eta Jon Artolak, 21 egun.
Hain zuzen ere, asteazkenean aurkeztuko dute euren burua Martuteneko espetxean, 17:00etan. Horrenbestez, espetxeratzea salatzeko, hainbat protesta egingo dituzte egunotan. Gaur arratsaldean, esaterako, Egiako Plaza Haundin, ehun auzotar inguru elkartu dira bi errepresaliatuei babesa emateko. Agerraldian bi deialdi egin dituzte, biak asteazkenerako; 16:30ean, Martuteneko kartzela aurrealdera deitu dituzte herritarrak, Gorrotxategi eta Artola laguntzeko kartzelan sartu aurretik; eta gauerako, 20:00etarako, Egiako Plaza Berritik abiatuta, manifestazioa egingo dute.
Gorrotxategi eta Artola eurak izan dira gaurko agerraldian. Auzotarrak ez ezik, senideak eta lagunak ere izan dituzte ondoan. “Gaur berriro ere beraien bizitza, baita beraien senideena ere, etenda, guztiz baldintzatuta geratzen da, Madrilgo epaile batek horrela aginduta”, salatu dute. “Egun, Euskal Herrian konpromiso eta aldaketarako garaia den honetan, garai berrietaz hitz egiten diguten horiek, euskal herritarrak kartzelara bidaltzen jarraitzen dute. Eta gu ez gaude prest hori onartzeko, eta askoz gutxiago isilik egoteko”, adierazi dute.
1988an, Egia auzoa utzi behar izan zuten Gorrotxategik eta Artolak. Urte asko pasa zituzten Mexikon, lanean, Euskal Herririk urruti. 2003an, atxilotuak izan ziren herrialde hartan, eta Mexikoko kartzelatan hiru urte egon ziren preso. 2006an, Espainiaratu zituzten, eta Estatuko espetxetan egon ziren, sakabanatuta. 2008ko abenduan Gorrotxategik, eta 2009ko ekainean Artolak, askatasuna berreskuratu zuten. 20 urte eta gero, Egiara itzuli ziren; hori bai, bermepean. Orain, zigorra betetzeko falta zaizkien egunengatik espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak.