Euskal poesia eta munduko poesiaren artean zubi lana egitea dute helburu
Kaierak.com webgunea abiatu dute, bildumari lotutakoa. Harpidetza bertan eginez gero, kaierak zuzenean jasoko ditu harpidedunak etxean. Sei ale 40 euroan eskuratu ahal izango ditu harpidedunak. Dendetan, ale solteak, 10 eurotan salduko dituzte.
Durangoko azokaren atarian bilduma honen zero alea aurkeztu dute, bilduma zer izango den erakusteko. Munduko Poesia kaierak bildumak 2014an kaleratuko dituen lehen sei egileen lagin bat dago 0 ale honetan. Zero zenbaki hau doan eskuratu ahal izango da Durangoko azoka, Susa argitaletxean egindako erosketen trukean.
Hurrengo urteeri begira, badaude beste zenbait zenbaki bideratuta. Anne Sexton itzuliko du Harkaitz Canok, Gabriel Ferrater Aritz Galarragak, Eugenio Montale Anjel Lertxundik eta Jorge de Sena Rikardo Arregi Diaz de Herediak.
[box]
Bildumako lehen sei egileak, Beñat Sarasolaren hitzetan:
Georg Trakl (Austria, 1887-1914): XX. mendeko expresionismo alemaniarraren poeta entzutetsuena.
Maria Merce Marçal (Herrialde Katalanak, 1952-1998): Ez da agian XX. mendeko poeta katalan ospetsuena, baina esango nuke azken urteetan goraldi nabarmena izan duela bere poesiak. Batez ere ikuspuntu feminista batetik, oso interesgarria da.
Aime Cesaire (Martinika, 1913-2008): Negritudearen poeta dela esan dezakegu. Antikolonialismoaren poesia neurri batean.
Carlos Drummond de Andrade (Brasil, 1902-1987): XX. mendeko poeta brasildar garrantzitsuenetako bat, modernismoko poeta nagusia.
Emily Dickinson (AEBak, 1830-1886): Poeta potoloa. XIX. mendeko poeta estatubatuar handienetako bat. Walt Whitman-ekin batera AEBetako poesia modernoa abiatu zuen.
Miguel Hernandez (Espainia, 1910-1942): 27. belaunaldiko poeta. Neurri batean outsider bat. Denok entzun ditugu bere poemak musikatuak bai modu batera edo bestera.
[/box]
Beñat Sarasola idazle donostiarrak zuzenduko du Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduma.
Sei poetaren antologiak kaleratuko ditu urtero. Apirilean Trakl, Marçal eta Cesairerenak; Drummond de Andrade, Dickinson eta Hernandezena, berriz, azaroan.
Euskal literaturan dugun zulorik handienetakoa poesiaren itzulpenari dagokiona da Beñat Sarasolaren ustez, eta besteak beste, hutsune hori betetzera dator Munduko Poesia Kaierak izeneko bilduma. “Jendea ez dago ohituta euskaraz poesia itzulia irakurtzera, gutxi itzuli delako. Gutxi gora behera ehun bat liburu euskaratu dira. Eta oso kopuru txikia da”, adierazi zuen aurkezpenean. Susa argitaletxearen proiektu berria da, eta Sarasolak koordinatuko du.
Zubi lana egingo du euskal literatura euskal poesia eta munduko poesiaren artean. Eta irakurleak poesiara hurbiltzeko bidea erraztu nahi du. Ez da bilduma honen helburua edizio kritiko, burutsu eta konplexuak egitea: “Antologia esanguratsua izango da, baina beti izango dira irakurtzeko moduko liburuak. Ez dira luzeak eta kritikoak izango. Badakigunez zaila dela poesia irakurtzea, laguntza eman nahi genuen”.
Urtean sei antologia berri argitaratuko dituzte, 2014an hasita. Udaberrian hiru, eta udazkenean beste hiru. Poesia modernotzat jotzen dena argitaratuko da, XIX. mendetik aurrerakoa, eta hilik dauden egileena. Datorren urteko apirilean kaleratuko dira Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaireren antologiak; Carlos Drummond de Andrade, Emily Dickinson eta Miguel Hernandezena, berriz, azaroan. Koldo Izagirre eta Josu Landa donostiarrak daude lehen antologia hauen itzultzaileen artean. Izagirrek itzuli du Carlos Drummond de Andraderena eta Miguel Hernandezena Josu Landak. Georg Trakl-ena Antton Garikanok itzuli du; Maria Merce Marçal-ena Itxaro Bordak; Aime Cesaire-ena Iñigo Aranbarrik; eta Emily Dickinson-ena Angel Erro-k.
Liburu guztiek egilearen 1.700 inguru bertso lerro jasoko dituzte, eta liburu guztiek izango dute sarrera labur bat, Beñat Sarasolak idatzia, autorearen eta haren testuinguruaren berri emateko asmoz. Liburuetan, poemen euskarazko bertsioak baino ez dira jasoko, eta guztira 64 orrialde baino ez ditu izango liburu bakoitzak.
Aukera dago bilduma honi harpidetza egiteko.