Euskara zerbitzuak 292.000 euro banatu ditu euskara ikasten ari diren herritarren artean
Guztira 2.515 donostiarrek jaso dute laguntza: neguko ikastaroetan 919 lagunek, udakoetan 229 lagunek, langabetuei zuzendutakoetan 109 lagunek eta talde bereziei zuzendutakoetan beste 1.258 lagunek. Azken honetan gurasoak, merkatariak, ostalariak, kirol monitoreak, jubilatuak eta etorkinak sartzen dira.
Nerea Txapartegi udal gobernuko Euskara arduradunak adierazi du euskara ikasteko diru laguntzak beste tresna bat direla hirian euskararen ezagutza sustatzeko eta hizkuntzaren normalizazioaren bidean urratsak emateko. “Udal gobernu honen helburuen artean donostiarron euskalduntzea babestea dago. Bistan da helduen euskalduntze prozesua sustatzen jarraitu behar dela, hizkuntzaren normalkuntzan nekez egingo baita aurrera ezagutzaren baldintza bermatzen ez bada, baina, horrekin batera, euskararen ikasketa erabilerarekin uztartzea ezinbestekoa da”.