Axun Gorrotxategi eta Jon Artola, Plaza haundin egindako agerraldia hasi aurretik. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Kartzelara bueltatzeko bi egun falta zaizkie Axun Gorrotxategi eta Jon Artolari. Erabakia nola hartu duten azaldu diote bi egiatarrek Irutxuloko Hitzari. «Halako zerbait gertatzea espero genuen, zain ginen. Hala ere, kartzelara berriro ez bueltatzeko esperantza txiki bat genuen, baina bistan da Estatua gatazkarekin jarraitzeko prest dagoela, konponbidearen alde egin beharrean. Atzera egin dugu erabat», adierazi du Artolak. «Gero eta okerrago ari dira, mendekuagatik. Ez dute barkatzen», esan du Gorrotxategik.
Hamabost eguneko epean kartzelan aurkezteko agindua jaso zuten bi egiatarrek duela egun batzuk. Hala, ezaguna duten kartzela egoerara bueltatuko dira berriro; Gorrotxategi 59 urterekin eta Artola, 54 urterekin. «Nire kasuan, lau kartzelatan egon naiz Espainian: Soto del Realen, Navalcarneron, Alcalan eta Topasen», ekarri du gogora Artolak.
«Martutenen espetxeratuko gaituzte, baina gero auskalo nora eramaten gaituzten. Hori jakitea ezinezkoa da, beste zenbait preso donostiarrekin egindakoa ikusita», erantsi du Gorrotxategik.