Jose Bizente Etxagarai kronikariaren omenezko plaka bat jarri dute Konstituzio plazan
Irudia osatzeko, Etxagarairen bertsorik ezagunenak ere idatzi dituzte plakan, hiriaren suntsipenari buruzkoak: Donostiako plazaren setioa, asaltoa, zakuratzea eta sutea tropa aliatu angloportugaldarren aldetik.
Etxagaraik ordura arte idatzitako lan guztiak galdu zituen 1813ko erasoaren ondorioz. Hala ere, bere omenezko plaka jartzeaz gain, bere bertsoak Su haietatik hitz hauek koadernoan eta webgunean bildu dituzte.
1813ko suntsitzean kronikari dostiarrak ordura arte idatzitako lan guztiak erre ziren.
Hiriaren suntsitzea eta ondorengo berreraiketaren Bigarren Mendeurrena dela eta, Donostiako Udalak Jose Bizente Etxagarai (1773-1855) omendu nahi izan du. Parte Zaharrekoa zen Etxagarai, eta hiriari eta hiriko jaiei buruzko hainbat lan idatzi zituen. Udal langilea ere izan zen, alondegiko administrari gisa eta Merkataritza batzordean ere lan egin baitzuen.
Kronista donostiarrari eta bere lanari keinu bat egiteko, zeramikazko irudi bat jarri dute Konstituzio plazan, Liburutegi Zaharreko horma batean.
Etxagarai plazari begira
Juan Luis Landak egin du ilustrazioa eta Alaitz Andonegik zeramikazko plaka. Irudian Jose Bizente Etxagarai duela 200 urteko Plaza Berriko balkoi batean ageri da, udaletxe zaharra parean duela, herritarrei begira dago pentsakor. “Aurpegi ilunez ageri da, pentsakor, handik ordu gutxira hiria suntsituko zutela sumatuko balu bezala”, azaldu du Landak. Ilustrazioa egiteko orduko bizimoduari erreferentzia egiten dieten hainbat dokumentu aztertu dituela onartu du Landak, eta duela bi mendeko donostiarren ohiko egun bat islatzen saiatu dela bere marrazkiekin.