Jose Luis Zumeta, Marisol Bastida eta Juan Kruz Igerabide. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Laboaren hainbat irudi sortu ditu Jose Luis Zumeta margolariak, musikaria berarentzat nor izan zen eta harekin zein harreman izan zuen azaltzeko.
Mikel Laboa eta Jose Luis Zumeta. Lagun eta sorkuntza kide izan ziren bi artistak urteetan, eta harreman horren lekukotza jaso nahi izan du EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Mikel Laboa katedrak jardunaldi batzuetan. Zumetak bere hizkuntzan interpretatu du bien harremana, eta Laboaren hainbat irudi sortu ditu margolariak. Bere testigantza liburu bilakatu dute:
Xume. Laboa Zumetarenean (Elkar).
Mikel asko irudikatu ditu Zumetak. Bere obran ohikoak diren kolore indartsuekin margotu ditu liburuan biltzen diren Laboa guztiak. Oholtza gainean Laboa zutik eta gitarra eskuan duela agertzen den marrazkia oso gustuko duela aitortu du.
Tableta erabiliz, modu digitalean landu ditu liburu honetako irudiak. Pintzelak baztertu egin dituela azaldu du margolariak: Badaramatzat bi urte tabletarekin lanean, eta gustura nabil. Oso erraz atera zaizkit, pentsatu gabe ia. Nondik hasi ez nekien, eta ia bere kabuz bukatzen zen irudia”.
Laboaren diskoetako azalak bi artisten harremanaren adierazle esanguratsuak dira. Laugarren diskotik aurrera, Zumetak eginak dira. “Egiten nuen guztia beti ondo iruditzen zitzaion. Beti zegoen pozik emaitzarekin, eta ez zen inoiz kexatzen”, aitortu du margolariak. Marisol Bastida ere izan zen argitalpenaren aurkezpenean, eta Laboak bereziki azken diskorako egin zion irudia maite zuela argitu zuen. Itsasontziko kapitain baten moduan irudikatu zuen Laboa , 2007ko
Lekeitioak lanaren berrargitalpenean.
Juan Kruz Igerabide da Mikel Laboa katedraren zuzendaria. Berak azaldu du Laboak asko maite zituen poetez inguratu dituztela ilustrazioak. Bernardo Atxagaren, Joxan Artzeren, Xabier Leteren, Salvador Espriuren eta Bertolt Brechten poemak ageri dira, besteak beste. Irudi guztiak lotuz, berriz, Laboak musikatu zuen Joseba Sarrionandiaren
Lili bat poema.
Mikel Laboaren heriotzaren bosgarren urteurrenean dator omenaldi ere izan nahi duen liburua; izan ere, joan den abenduaren 1ean bost urte bete ziren musikaria hil zela. Mikel Laboa katedrak egindako lehen jardunaldien oihartzun modura iritsi da argitalpen hau. Mikel Laboarekin harremana izan zuten hainbat lagun bildu ziren, eta haien testigantzak bildu zituzten: hitzezkoak, musikaren bidez egindakoak… Koldo Mitxelenako ganbara aretoan oraindik ikusgai dagoen erakusketa horretan oso presente dago Zumetaren lana, baina berak ez zuen jardunaldietan hitzaldirik eman, eta beste mota bateko ekarpena egin nahi izan du, irudi bidezkoa.