Miren Arratibel eta Xabier Olaso. (Argazkia: E. Zabala)
Haizea Sahats artean eta
Auskalo! liburuak aurkeztu dituzte Liburutegi Nagusiaren sotoan, gaur goizean. Erein, Igela eta Pamiela argitaletxeek argitaratu dituzte liburuak,
Klis-Klasikoak liburu sortaren barnean, eta Galtzagorri elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Lehena,
Haizea Sahats artean, klasiko bat da, Kenneth Grahamek idatzi zuen 1908an,
The Wind in the Willows izenburupean; Miren Arratibelek egin du itzulpena eta Elena Odriozola donostiarrak ilustratu du. Bigarrena berriz,
Auskalo!, Xabier Olasoren igarkizun eta aho-korapiloek osatzen dute; bigarren argitalpena da, 2001ean Pamielak argitaratu baitzuen. Ilustrazioak Agurtzane Villaterenak dira.
Euskarazko zein munduko beste edozein hizkuntzatan sortutako liburuak biltzen ditu
Klis-klasikoak bildumak. Hala, 4 eta 16 urte arteko haur eta gaztetxoengan ipuin klasikoak sartzeko bidea izan daiteke.
Haizea Sahats artean ipuineko protagonistak animaliak dira, Satorra eta Apoa bereziki. Miren Arratibel itzultzailearen esanetan, itzultzaileek normalean enkarguz lan egiten dute, eta gutxitan izaten dute itzuli nahi dituzten lanak aukeratzeko beta. Ipuin hau, ordea, aukeratzeko moduko horietakoa dela dio. “Liburu mardula, landua, eta oparoa da, baina aldi berean apala eta sentikorra”, goraipatu du Arratibelek. Odriozolak egindako ilustrazioek ipuina asko jantzi dutela ere nabarmendu du Arratibelek. “Elena Odriozolari egindako lana eskertu nahi diot. Liburua ikuste hutsak sortzen duen sentipen atsegina itzulpenaren bidez ere nabaritzea nahiko nuke”, gehitu du itzultzaileak.
Auskalo! liburua, berriz, 375 igarkizun eta aho-korapilok osatzen dute, bakoitza bere erantzunarekin. Olasoren esanetan, poesiatik zetorren bera eta igarkizunak idazteak ez zion halako aldaketarik suposatu, lotura zuzena baitute. Hori bai, bere ibilbidean mugarri bat suposatu zuela onartu du.