Lasala plaza. (Argazkia: Xabier Etxabe)
2014ko aurrekontuetan 880.000 euro aurreikusi ditu Eusko Jaurlaritzak Parte Zaharreko osasun etxea lekualdatzeko.
Ez da gai berria, lehen ere eskatu izan du EAJk Parte Zaharreko osasun etxea Esterlines kaletik Lasala plazara pasatzea. Egungo kokapena ez dela egokiena uste dute jeltzaleek, besteak beste anbulantziak eta autoak bertara iristeko izaten dituzten zailtasunak direla eta.
Eneko Goia, EAJko bozeramaileak gogoratu du Jaurlaritzako aurreko legealdian ez zutela gaiaren inguruko adostasunik lortu, baina orain “borondatea aldatu” dela azpimarratu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren 2014ko aurrekontuetan 880.000 euroko hasierako partida bat aurreikusi dute Parte Zaharreko osasun etxea kokaleku berrian egokitzeko. “Kopuru hori ez da nahikoa osasun etxe berria egokitzeko, baina lehen pausoak ematen hasteko balio du. Hala ere, ez dugu udal gobernuaren aldetik horretarako interesik sumatu”, esan du Goiak.
Horregatik, beraien kezka hurrengo udalbatzarrean aurkeztuko dute, eta alkateari udal gobernuaren “interes faltaren” zergatia galdetuko diote. Eneko Goiaren ustez, “une egokia” da Parte Zaharreko osasun etxea udalak Lasala plazan duen eraikinera pasatzeko, eta horretarako egin behar diren izapideak egiten hasteko eskatuko diote jeltzaleek udal gobernuari.