Intxaurrondora doan autobusa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Dbuseko Administrazio Kontseiluak Udal Gobernuak egindako aurrekontu proposamena onartu du. Hala, 32.193.000 euroko aurrekontua izango du 2014rako. Udalaren ekarpena, berriz, 2012rako aurreikusitakoa baino 500.000 euro altuagoa izango da. Aurrekontu honek autobus lineak eta maiztasuna mantentzea ahalbidetuko du.
Gainera, diru sarrerei dagokienez, berme funtsa eguneratzeaz gain, Foru Aldundiarekin adostasun batetara heldu dira. Lurraldebusen erabilera dela eta Dbusek duen erabiltzaile galera konpentsatzeko 650.000 euro ordainduko ditu Foru Aldundiak.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak bere poza agertu du “aurrekontu hauek Dbusen zerbitzuan inongo galerarik ez izatea ahalbidetzen dutelako eta linea guztiak bere horretan mantentzen dituelako, bizi dugun krisi latz honen erdian”.
Kalitatezko zerbitzua
2013an Dbusen zerbitzuaren kalitatean hainbat hobekuntza egin dituztela adierazi du Albizuk, hainbat proiekturen bidez Europatik lortutako diru laguntzei esker. Hobekuntza hauek bereziki irisgarritasunari lotutakoak izan dira. Hala nola, ikusmen zailtasunak dituzten pertsonentzat informazio sistema, pantailarik ez duten geltokietan QR kodeak ezartzea edo autobusen erdian ere kobratzeko makinak jartzea.
Bestalde, egungo lineak eta maiztasunak mantentzea duela helburu jakinarazi du udal gobernuak, linea berriak sortu baino lehen. Zentzu horretan, Dbuseko Administrazio kontseiluan PSE-EEk proposamen bat egin du: mikrobus linea berri bat sortzea proposatu dute “gasolina murriztearen truke”.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak esan duenez, “sozialisten ideia ulergaitza da, ez baita logikoa autobus gehiago jarri eta era berean erregai gutxiago kontsumitu nahi izatea; ez zaigu proposamen serioa iruditzen”.