Donostia Musikako Carlos Benito, Isidro Uzkudun Fundazioko Lourdez Saenz eta Etiopia Utopiako Imanol Apalategi. (Argazkia: E. Zabala)
Ikus-entzunezkoa abenduaren 23an ikusteko aukera egongo da, Viktoria Eugenia Antzokian. Bildutako dirua gobernuz kanpoko bi erakunderentzako izango da.
Gabon kanta izeneko dokumentala eskainiko dute Viktoria Eugenia Antzokian, abenduaren 23an, 20:00etan. Bildutako diru guztia gobernuz kanpoko bi erakunderentzat izango da: Isidro Uzkudun Fundazioa eta Etiopia Utopia. Sarrerak 7 eurotan salgai daude jada.
Zehazki, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak eta Elkargo Solidarioen Sarearen Fundazioak eskatu zioten Donostia Musikari dokumental bat egiteko, duela urtebete, eta eskatutakoa bete zuen elkarteak. “Jendeak gustuko izan zuen dokumentala, eta orain luzatu egin dugu”, azaldu du Donostia Musikako Carlos Benitok. Dokumentalean, Gabonetako espiritua islatu dute, eta munduko 20 gabon kanta ezagunenak jaso dituzte, hainbat pasarterekin batera. Bi hizkuntzatan dago dokumentala, euskaraz eta gazteleraz, eta gabonen inguruko hausnarketa egiten du ordu bete eta 40 minuturen bueltan.