Iaz baino 500 familia gehiagok jaso dute Gizarte Larrialdietarako laguntza
Udalak 1.917.000 euro erabiliko ditu Gizarte Larrialdietako laguntzak bermatzeko. Azaroa arte benetako gastua 1.717.000 eurokoa izan da, eta aurreikuspenen arabera, hemendik urte bukaera arte beste 200.000 euro beharko dituzte.
Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak datu hauek eman nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak laguntza hauetarako bi milioi euroko ohiz kanpoko sail bat bideratu duela jakin ondoren. Albizuk azpimarratu du diru kopuru horretatik Udalak 136.000 euro jasoko dituela, eta diru ekarpen hori ez dela nahikoa egungo beharrak betetzeko. Izan ere, orain arte 1.182.000 euro jaso dituzte Jaurlaritzatik. “Diru kopuru hori irailean agortu zen, eta horregatik kontu-sail berri bat bideratu genuen, alor horretan eskumenik ez badugu ere, beharrik handiena duten herritarrekin egon behar dugula uste dugulako, bereziki egoera zaurgarrienean daudenekin. Beraz, udal gobernuak behar guztiei erantzuteko falta diren 600.000 euroak jarriko ditu, guretzako pertsonak baitira lehentasuna”, esan du Albizuk.
Gaur egun 2.500 elkarbizitza unitatek jasotzen dituzte gizarte larrialdietarako diru laguntzak hirian. Hortaz, urtebetean %20 igo da behar berezietan dauden familien kopurua, iaz 2.041 familiak jaso baitzuten laguntza. Albizuren hitzetan, “administrazioak ezin ditu bazterrean utzi pertsona horiek guztiak. Ez da kontabilitate hutsa, hemen borondate politikoa behar da, eta lehentasunak ezarri behar dira”.
Ildo horretan, zinegotziak gogora ekarri du Udalbatzak berak mozio bat onartu zuela, Eusko Jaurlaritzari Gizarte Larrialdietako Laguntzetarako diru gehiago bideratzeko eskatuz.