(Argazkia: Bertsozale Elkartea)
Finalisten artean gazteena da añorgatarra.
13.500 bertsozale elkartuko dira BECen Bertsolari Txapelketaren finalean, abenduaren 15ean.
Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute gaur BEC-en, eta bertan izan dira abenduaren 15ean oholtza gainera igoko diren bertsolari guztiak: Beñat Gaztelumendi añorgatarra, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi.
Adinari lotutako zenbait xehetasun plazaratu dituzte bertsolariek gaurko prentsaurrekoan. Unai Iturriagak gogora ekarri du duela 20 urte sartu zela Bertsolari Txapelketako finalean. 1993ko final hartan bertsolari gazteena zen, eta aurtengo finaean, berriz, zaharrena dela. Beñat Gaztelumendik esan du Iturriaga zaharrena baldin bada, bera gazteena dela. Beharbada belaunaldi berri baten ordezkaria dela, eta horretaz harro dagoela adierazi du.
Abenduaren 15ean, goizez irekiko dute BEC, 09:00etan, eta 11:00etan hasiko da finala. Arratsaldean, bazkalostean jarraituko du finalak 16:00etan, eta 20:30ak aldera emango dute txapeldun berriaren izena. Bertsolari bakoitzak 25 bertso puntu jarrian abestu beharko ditu, eta gero, buruz-burukora iristen diren bi bertsolariak hamar gehiago. Txapeldunari Juanito Dorronsoro zumaiarrak jarriko dio aurten, hark bertsolaritza ikertu eta eskoletara eramateko egindako lanari esker onez.