Belaunaldien eta adierazpen artistikoen arteko zubia izan nahi du VIII. Feministaldiak
Kultura feministaren VIII. jaialdia abenduaren 9tik 14ra egingo dute.
Feministaldia aurkeztu dute gaur goizean Donostia 2016ren egoitzan, hau da, Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean. Kultura feministaren VIII. jaialdia abenduaren 9tik 14ra egingo dute, ‘Belaunaldiartean: tentsioa-ihesa-amodioa’ izenpean. Horrela, belaunaldi zein arlo artistiko desberdinak batu nahi dituzte jaialdiaren bidez, zubi lana eginez. Egitarau osoaren eta berrikuntzen berri eman dute aurkezpenean. Azken batean, aurreko urteetan bezala, hainbat arlotako emakume artistak ezagutaraztea du helburu sei eguneko jarduerak. “Publiko ez hain adituak teoria feministen berri izatea nahi dugu, horiek baitira behar gehiago dutenak”, aipatu du Donostia 2016ko Ainara Garciak.
Lehen aldiz egingo dute jaialdia Easo kaleko egoitzan, eta jarduera ugari prestatu dituzte. “Emakumeak elkartzeko eta agerian jartzeko” tokia dela aipatu du Plazandreok taldeko Juana Arangurenek. Hala, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen emanaldiak prestatu dituzte, besteak beste. Jarduera guztiak irekiak izango dira, baina hori bai, tailerretarako feministaldia2013@gmail.com posta elektronikoan aldez aurretik izena eman behar dela aipatu dute.