Lotsatia eta kaskagogorra da 'Jaxinta', Santo Tomas eguneko erregina
320 kilo pisatzen ditu gutxi gora-behera, eta Santo Tomas egunerako 345 kilotara iritsiko omen da.
Eguraldi bikaina zegoen eguerdian Leitzan, eta Arro baserriko animaliak gustura zebiltzan etxe ondoko larrean. Antzarak, txakurrak, astoak… Guztiak gustura, etxeko erregina izan ezik. Jaxinta txerria protagonista bihurtu da gaur, bera izango baita Santo Tomas eguneko erregina. Baina kazetari eta kameren aurrean lotsatu egin da, nonbait eta ez du ukuilutik atera nahi izan. Kristina Saralegi bere zaintzaileak ere bazuen txerria kaskagogor samarrar zenaren susmoa eta gaur berretsi du uste hori, ahaleginak egin arren, goxo-goxo edo makilarekin eraginez, ez baitu Jaxinta kalera ateratzerik lortu.
Zaintzaileak ahaleginak eten dituenean lasaitu da txerria eta muturrarekin garoa astinduz ibili da ukuiluan hara eta hona. Lau urte ditu Jaxinta-k, pare bat umaldi izan ditu eta Santo Tomas egunaren ondoren ere umatuko dutela esan du Kristina Saralegik. “Berriz ere umatuko dugu eta ea hemendik hiru edo lau urtera Jaxintaren kumeren bat eramateko moduan garen Donostiara”, esan du Saralegik. Izan ere, txerri handiak behar dira Konstituzio plazan erakusteko eta urtero ez omen ditu ezaugarri horiek betetzen dituen txerriak izaten.
Jaxinta-k 2’10 metro ditu luzeran. Gaur egun, 320 bat kilo ditu eta abenduaren 21erako 345 kilora heltzea espero du bere zaintzaileak. Eta hala ez bada, ez da ongi zaintzen ez duelako izango behintzat. Nahi adina janari ematen dio Kristina Saralegik Jaxinta-ri, artoa eta etxeko janari soberakinak batik bat. Hortaz gain, egunero ateratzen du etxe ondoko belazera, eta atea irekita uzten dio gainera, nahi duenean atera eta sartzeko.
Lasai bizi da Jaxinta Leitzak Arro baserrian, eta Santo Tomas egunean ere halaxe egongo dela uste du Saralegik. Kazetarien ikusminari belarri handien azpiko begi txikiekin erantzun dien bezala, Konstituzio plazan inguratuko zaizkion herritarrei ere halaxe begiratuko die, lotsati.