Artelekuren sarrera. (Argazkia: Arteleku.net)
Txomin Eneako hirigintza egitasmoa lehentasunezko gaia da EAJrentzako. Donostian egingo den proiekturik garrantzitsuenetariko bat dela uste dute jeltzaleek eta horregatik “gauzak zentzuz” egin behar direla diote.
Iñaki Gurrutxaga, zinegotzi jeltzaleak adierazi duenez, Arteleku auzoaren garapen egokirako “oztopo bat” litzateke, egungo ezaugarriekin mantendu nahiko balitz. “Auzoaren maila igo egingo da, eta ez du zentzurik Arteleku uharte bat bihurtzea”, esan du Gurrutxagak. Gainera, Artelekuko jarduera guztia Santa Teresara pasatzeko erabakia hartua dagoela azpimarratu du zinegotziak. Horregatik, eraikina bota eta gune hori auzoaren ezaugarri berrietara eta auzotarren behar berrietara egokitzeko une egokia dela uste du EAJk.
Hori dela eta, Artelekuko eraikina eta lurzorua Aldundiarenak direnez, Udala eta Foru Aldundiaren arteko akordiok “premiazkoak” direla dio EAJk, eta eremu horren etorkizuna lehenbailehen aztertzeko eskatuko die bi erakundeei.