Merkata egitasmoaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Parte Zaharreko denda txikien balioa azpimarratu eta bertan kontsumitzea da Merkata egitasmoaren helburua.
Gabonei ongi etorria emateko Parte Zaharreko saltokiek euren produktuak erakutsiko dituzte asteburu honetan. Hala, Parte Zaharra jai giroko saltoki erraldoi bihurtuko dute 11:00etatik 20:00etara.
Merkatariek Parte Zaharreko eskaintza ezagutarazi, euren saltokiei bultzada eman eta denda txikietan kontsumitzen duten herritarren fideltasuna saritu nahi dituzte horrela. Urtero errepikatzen duten egitasmoa da Merkata eta aurten ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Egun osoan Olentzero Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da haurren eskutitzak jasoz eta muxuak banatuz.
11:30etik 13:30era birziklapen tailerra egingo dute Konstituzio plazan Cristina Enea fundazioaren eskutik. Eta 16:00etatik aurrera Pukas dendan Eguberritako izarrez egindako orein bat sortuko dute. Ordu berean, San Jeronimo kaleko Itziar dendan, eskumuturrak eta lepokoak egiteko tailerra egingo dute.
Gainera, Bigarren Mendeurrena dela eta, 2014ko egutegia oparituko dute Parte Zaharreko saltokietan erosteagatik. Yolanda Garcia Zaharrean elkarteko kideak “kontsumo arduratsu” baterako deia egin die herritarrei, Parte Zaharreko eskaintza oso anitza eta aberatsa dela azpimarratuz.
Argiztapena
Gaur piztuko dituzte Eguberritako argiak. Groseko Usandizaga kaleko merkatariek izango dute ardura hori aurten. Baina Parte Zaharreko merkatariek ere ahalegin berezia egin dute auzoa apaindu eta girotzeko. Hala adierazi du, Mari Mar de Sosa, Zaharrean elkarteko kideak.
Aurten Parte Zaharreko 87 saltoki eta tabernek parte hartu dute auzoko argiteriaren ordainketan. Guztira ia 5.800 euro gastatu dituzte merkatariek Gabonetako argietan, eta De Sosak azaldu duenez, “guztion ahaleginarekin aurten lehen aldiz Aldamar eta Portu kaleetan ere argi arkuak jarriko ditugu”.
Gabonetako argiak 17:30etik 23:30era piztuko dituzte hirian.