Euskaraz ekoitzitako 500 produktu inguru bildu ditu udalak gida batean
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskaragida.net paperezko gida eta web ataria sortu ditu, euskaraz ekoitzitako aisialdi nahiz kultur produktuen zabalkundea eta kontsumoa bultzatzeko asmoz. Bakarka, lagunartean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan, hainbat ataletan banatuta: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, CDak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua eta gurasoentzako web orri interesgarriak. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusienak zehazten dira; izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa. Udalak argitaratzen duen zortzigarren gida da.
Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak zehaztu du liburuxkak 500 produktu inguru jasotzen dituela eta guztira 25.000 ale argitaratu direla. “Katalogoak helburu bikoitza du: batetik, euskal kultura sustatzea euskal produktuei ikusgarritasuna emanez, jakinda horrek kontsumoa handitzen lagunduko duela, ahaztu gabe euskal sortzaileei eta euskal kultur industriari babesa emateko modua ere badela; eta, bestetik, euskara bera sustatzeko, izan ere, euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunean euskaraz ari gara, eta hori da gakoa, euskaraz bizitzea, lanean, eskolan, kalean eta baita irakurtzen, jolasten eta musika entzuten dugunean”, azaldu du. Txapartegik Eguberri hauetan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egitera deitu ditu donostiarrak. “Haur, gazte edo heldu izan bizi gaitezen euskaraz”, aldarrikatu du.
Gidaren banaketa zabala egin da, besteak beste, 0-18 urte bitarteko hiriko ikastetxe eta irakaskuntza zentroetan, euskaltegietan, kultur etxe eta gaztelekuetan eta hiriko beste hainbat gune publikotan. Era berean, ekimenean parte hartu duten hiriko hainbat saltokitan edonoren esku egongo dira.
Euskaragida.net atariak, bere aldetik, paperezko edizioan iragarritako produktu guztiak nahiz egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Liburuen atalean egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du eta etxeko txikienek jolasteko aukera izango dute on-line jokoen atal berriari esker. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea erraztearren, gehientsuenek on-line erosteko loturak erantsita dituzte.
