Hiriko eremu elektromagnetikoen mapa aurkeztuko dute asteartean
Donostiako Udalak datorren asteartean aurkeztuko du publikoki hiriko eremu elektromagnetikoen maparen gainean egindako ikerketa. Aurkezpena 18:00etatik aurrera izango da, San Jeronimoko kriptan. Bertan ikerketa egin duen teknikari Raul de la Rosa izango da. Ingurumen zinegotzi Axier Jaka eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran ere egongo dira, hala nola, Ingurumen departamentuko zuzendari Iñaki Irurtia.
Axier Jakak adierazi du aurkezpen zehatza egingo dutela, alor horretan egiten ari den lanari jarraipena emanez: “Aurreneko aldia da horrelako mapa bat egiten dela, neurketa eta guzti, eta horrek eremu elektromagnetikoen inguruko hiriaren argazki orokor bat emango digu, abiapuntua izango dena alor horretan urratsak ematen jarraitzeko eta oraingoa baino ordenantza garantistago bat egiteko, osasun publikoaren irizpideei jarraiki”.

