Kopako madarikazioa Anoetan uxatu beharko du Realak, Algecirasen berdindu eta gero (1-1)
Ez dago modurik. Realak ezin izan du garaipena eskuratu azpiko maila batean jokatzen duen beste talde baten zelaian, Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Algecirasen berdindu dute txuri-urdinek (1-1), eta hori bada zerbait; porrota behintzat ez dute jaso, andaluziarrak donostiarrak baino hobe aritu diren arren. Itzulerako partidan erabakiko da kanporaketa, Anoetan. Kanpoko golek balio bikoitza dutela kontutan hartuta, atea hutsean mantentzearekin sailkatuko litzateke Reala eta, bide batez, Espainiako Kopako madarikazioa uxatu. Dena den, zaleak ez dira fio, historiak ez baitu lasai egoteko arrazoirik ematen.
Hain justu, 1987. urtean Kopa irabazi eta hurrengo urtean finalera iristeko gai izan zirenetik, txuri-urdinek porrot bat bestearen atzetik pilatu dute txapelketa honetan, lotsagarri geratuta behin baino gehiagotan. Iaz Korboban galdu zuten, duela bi urte Mallorcan (6-1!) eta aurreko urteetan zelai askotan lotsagarri aritu dira: Sorian, Beasainen, Hospitaleten, Mirandan, Zamoran… Gaurkoan, Algeciras izan dute aurkari, iaz Hirugarren Mailan zegoen talde bat. Bigarren B Mailan daude orain, eta horregatik dira Kopan. Hala ere, mailak maila, Reala ez da andaluziarrak baino hobea izan. Reala berriro ezinean ibili da teorian ahulago den talde baten aurka.
Hirugarren minuturako gola jaso dute Jagoba Arrasatek zuzendutako jokalariek; zorionez, jokoz kanpo zela ikusi du epaileak, eta gola balio gabe utzi du, nahiz eta, dirudienez, jokaldia legezkoa izan. Hain zuzen ere, jokoz kanpo asko egon dira partidan, baina gehienak Realak egin ditu. Hamar jokoz kanpotik gora egin dituzte donostiarrek; eta horrek erakusten du ez dutela batere ondo irakurri etxekoen defentsa.
Atsedenaldira hutseko emaitzarekin iritsi dira bi taldeak, eta aldageletatik irten ondoren bazirudien Reala suspertuko zela. 59. minutuan, Antoine Griezmannek egin du norgehiagokako lehen gola. Hamaika gol sartu ditu jada frantziarrak aurtengo denboraldian, joan den sasoi osoan sartutako gol kopuru bera. Indartsu dabil Griezmann, baina bere golak ez du balio izan Kopako mamuarekin bukatzeko. Izan ere, bost minutu geroago iritsi da berdinketa, Alfaroren bitartez. Eta hortik aurrera Algecirasek izan ditu aukera onenak. Horrenbestez, berdinketa ez da batere emaitza txarra, gerta zitekeena ikusita. Anoetak erabakiko du.

