Udal langileen gehiengoak gehiago kobratuko du
Udal gobernuak lanpostuen balorazioaren berrikuskapen diktamena onartu du, gehiengo sindikalaren babesarekin. Udal gobernuak 2009an hasitako prozesuari berriz ekitea erabaki zuen, sindikatuek berriz ere martxan jartzeko aho batez egindako eskakizuna entzun eta gero. Prozesu honek eskakizunak berraztertzea ezartzen zuen eta oraingo udal gobernuak hala egitea erabaki du, berdintasun irizpideak mahai gainean jarriz eta langileek soilik egiten duten lanagatik ordaintzeko asmoarekin, lan taldea behar den moduan egokituz.
Berrikuskapenean bi aspektu izan dira kontuan, lanpostuen balorazioa eta eskakizunak. Lanpostuen balorazioari dagokionez, aztertu gabe zeudenak bakarrik begiratu dira, hau da, lantaldearen erdiarenak. Eskakizunetan berdintasuna izan da irizpide nagusia. Gauzak horrela, badira eskakizun berriak izango dituzten lanpostuak, beste batzuei eskakizun horiek aldatzen zaizkie, gora edo behera, dagokienaren arabera eta badira eskakizun horiek desagertzen zaizkien lanpostuak ere. Lan jardunalditik kanpo dauden kontuak arautzen dira honekin, hau da, dedikazio berezikoak deitzen direnak.
Aurrera eramandako prozesuari esker, 533 udal langilek gehiago kobratuko dute, 17k aldiz, gutxiago. 45i dedikazio bereziko osagarria jaisten zaie eta tartean batzuei kendu, beste 44ri trantsiziozko osagarri pertsonala aplikatzen zaie, gaur egun eskakizunik izan gabe.
Ogasun zinegotzi Nekane Burutaranek adierazi duenez, “prozesu hau berriz jarri dugu martxan gehiengo sindikalarekin adostasuna bilatuz eta udalarentzat ahalegin berezia eskatuko duen akordio bat ixtea lortu dugu. Komitearen gehiengoak, gainera, bere sinadurekin babesa eman dio prozesuari, esanez hau zela jarraitu beharreko bidea lanpostuen balorazioaren nondik-norakoak zehazteko”.

