Errege Magoak eta Olentzero, aurrez aurre, Gipuzkoa plazan
Larunbata, eguzkia eta Eguberri giroa. Hiru ezaugarri horiek elkartu dira gaur Gipuzkoa plazan, eta horrek jendetza erakarri du plazaren erdian egokitutako jaiotzen ingurura. Familia ugari bertaratu dira, guraso zein seme-alabak, guzti-guztiak Gipuzkoako Belenisten Elkarteak sortutako jaiotzak bertatik bertara ikusteko. Lorategiaren alde batean, Errege Magoak protagonista duen jaiotza egokitu dute; lorategiaren beste aldean, Olentzero eta bere lagunak. Alde batean zein bestean jende ugari bildu da, argazki kamera eskuetan.




