Kortxoenea itxuraldatzen ari dira
Indianoene kaleko fabrika zaharra okupatu zutenetik, hots, egungo Kortxoenea abian jarri zutenetik, hiru urte igaro dira dagoeneko. Azken urteetan hamaika auzolan egin dituzte gaztetxea eraikitzeko, baina azken aldian aldaketa bat egiteko beharra ikusi dute Groseko gazteek. Hori dela eta antolatu dute gaurko Auzolan Erraldoia izena jarri dioten jardunaldia.
Auzolan berezi hau egiteko orduan bi helburu jarri dituzte: batetik, gaztetxeak behar dituen lanak egitea; eta bestetik, ekarlana sustatzea Donostiako kolektibo, eragile eta norbanakoekin, guztiak gonbidatu baitituzte Kortxoeneara hurbiltzeko.
Honela gauzak, goizean goiz, hogeita hamar bat lagun elkartu dira gaztetxean, denak lanerako prest. “Ez da lehenengo aldia halako zerbait antolatzen dugula, baina oraingoan garrantzi gehiago eman nahi izan diogu. Metamorfosi bat egin nahi dugu; gaztetxea behar bezala egokitu eta, aldi berean, ezagutzera eman. Fatxadak margotu, itoginen arazoari konponbidea jarri, tabernako barra atondu… hainbat lan egiten ari gara, baina, egokitze lanak ez ezik, Kortxoenea ezagutzera ematea ere dugu helburu. Izan ere, hiru urte dira gaztetxea abian denetik, eta oraindik donostiar askok ez dakite non dagoen ere”, azaldu du gaztetxeko kide Andrea Melok. Jardunaldia amaitzeko kontzertuak izango direla aurreratu du, «festa giroan egoteko eta jendea bertara dadin”, erantsi du.
Hain zuzen ere, lana bakarrik ez dute egingo gaurko egunean. Hamaiketakoa hartzeko aukera izan dute, txistorra jatearen bitartez, eta auzolanean ibili direnek doan bazkaltzeko parada izan dute. Gauerako, Kortxoeneako kideek jakinarazi bezala, kontzertuak antolatu dituzte.
- Kortxoenea gaztetxea. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)














