Arteak eta gastronomiak bat egingo dute elikagai bankuaren alde
Hainbat enpresa pribatuk bultzatutako jarduera ostiralean egingo dute; San Martin merkatuaren parean, tona bat janari lortzeko helburuarekin.
Tolosako haurren artean arrakasta lortu ostean, Donostiara iritsiko da ostiralean Arte Solidarioa Sukaldatuz. Zehazki, artea eta sukaldaritzaren bidez elkartasuna bultzatuko dute, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzeko. Hala, herritarren partehartzea beharrezkoa izango da helburutzat jarri duten tona bat elikagai biltzeko. Gaur goizean aurkeztu dute jardueraren egitaraua Koldo Mitxelena Kulturunean, eta honakoak bertan izan dira: Nisa Goiburu artista eta Roberto Ruiz sukaldaria, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Jose Ignacio Sanchez eta Super Amarako Alfonso Reiriz eta Saneamientos Elosegui-Roca enpresako Veronica Elosegui. Izan ere, aipatutako enpresa pribatuek bultzatu dute San Martin azokaren parean egingo duten jarduera.
Artea kalera ateratzearen aitzakiarekin sortu dute egitasmoa, herritarrak horren garrantziaz konturatu daitezen. Hala, helduen zein haurren partaidetza eskatu dute antolatzaileek. “Tolosako kaleetan sortutako poza Donostian zabaldu nahi dugu. Elikagaiak espiral forman jarriko dituzte herritarrek lurrean; keinu horri garrantzia handia ematen diogu, makurtu eta elikagaiak lurrean uzteari”, aipatu du Nisa Goiburu artistak. Jarduerak egun osoa hartuko du, 9:30etik 19:00ak bitartean. Hasteko, mandala erraldoi bat jarriko dute lurrean goizean goizetik. Mandalek Indian dute jatorria, eta zirkulua edo erdigunea esan nahi du. Horixe izango da, hain zuzen ere, elikagaiez beteko dutena.
Dagoeneko hiriko ikastetxe batzuekin harremanetan jarri direla baieztatu dute antolatzaileek, baina hala ere, haur eta helduak bertaratzeko deia egin dute, behin eta berriz. Euro bat jarri eta herritarrek honakoa egiteko aukera izango dute: Elikagai kaxak Mandalan jarri eta Tolosako babarrunak dastatu. Gainera, Tolosako Fronton jatetxean bi pertsonentzako afari baten zozketan hartuko dute parte.
EGITARAUA:
- 9:30-12:00. Mandalaren sormena, haurrentzat. Aldi berean babarrunak prestatzen arituko dira sukaldariak.
- 12:00-14:00. Babarrun-jatea, Roberto Ruiz sukaldariaren eskutik.
- 13:00. Musika eta dantza ikuskizuna: Katixa Perea eta Aiert Beobide dantzariak, Debora Herrero sopranoa, Iñigo Vilas tenorea eta Pello Ramirez musikaria.
- 14:00-19:00. Mandalaren eta Kiribilaren sormena, herritarren partaidetzarekin.