Auzipetuek elkarretaratzea egin zuten Egiako epaitegian, ‘Libre, epaiketa politikorik ez’ lelopean. (Argazkia: Agurtzane Altuna).
2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan D3M hautagaitzaren aldeko propaganda egiteagatik “hauteskunde delitua” egitea egotzita epaitu zituzten urrian Egiako epaitegian.
Donostiako 5. Zigor Auzitegiak ebatzi du ezin dela frogatu haiei inputatutako delituak egin izana, eta guztiei absoluzioa ematea ebatzi du. Epailearen arabera, ez da frogatu auzipetuek haiei inputatutako delituak egini izana. Gainera, lekuko gisa deklaratu zuen ikuskatzaile baten deklarazioa ikertzeko eskatu du epaileak, gezurrezko testigantza eman ote zuen aztertzeko.
D3Mren (Demokrazia 3 Milioi) kanpaina egin eta hauteskunde delitua egotzi zieten 25 laguni 2009ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen harira. 25 pertsona epaitu zituzten urrian, Egiako epaitegian. D3Mren hautagaitzak legez kanpo utzi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta auzipetuek bozetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Auzipetuetatik 24 donostiarrak ziren.
Urria bukaeran Donostian epaitutako 25etatik 21en kontrako akusazioa kendu zieten fiskalak, eta gainerako laurentzat ere hauteskunde delituaren akusazioa erretiratu egin zuten, baina desobedientziarena mantendu. Bi eta hiru urteko zigorrei aurre egin behar zieten 21 lagun libre geratu ziren, beraz, eta gainerako laurentzat “diru kopuru txikiko multak” eskatu zituen. Ia hiru urte artekoak ziren zigor eskaerak: bi urtekoa hamaika lagunentzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa beste bostentzat eta bi urtekoa edo sei hilabetekoa gainerakoentzat.