Dolores Redondo: "Pertsonaiak bizirik daude eta oso garrantzitsua da idazteari ez uztea"
Bere trilogiaren bigarren nobela aurkeztu du idazle donostiarrak gaur goizean, ‘Hezurren ondarea’.
Dolores Redondoren donostiarraren bizitza denbora gutxian aldatu zen. Izan ere, Zaindari ikusezina nobelaren bitartez, hilabete gutxiren bueltan idazteaz bizitzea lortu zuen. Trilogia baten lehen liburua izan zen hori, eta sekulako arrakasta izan ostean, bigarren lana aurkezten ari da orain. Lehenengo gaztelerazko bertsioa aurkeztu zuen, El legado en los huesos, eta gaur, Erein argitaletxearekin argitaratu duen euskarazko bertsioa aurkeztu du, Hezurren ondarea. Dagoeneko hirugarren lana ere idazten ari dela aurreratu du idazleak: “Istorioak aurrera egin ahala errazagoa da idaztea. Lehen libururako pertsonaiak sortu behar izan nituen eta lan hori jada egina dago, pertsonaia ia guztiak berdinak baitira. Pertsonaiak bizirik daude eta oso garrantzitsua da idazteari ez uztea”.
Hamabi urte daramatza Nafarroan bizitzen Dolores Redondok. Maitasunak eraman zuen Cintruenigo herrira, eta hantxe bizi da gaur egun, bere senarrarekin eta seme-alabekin. Halaxe, Baztanen kokatu du bere istorioa, eta oso harro dago hortaz. “Obra osoa izeberg erraldoi baten gisan ulertzen dut. Zaindari ikusezinarekin oso indartsu hasi nintzen, baina informazio gehiegirik eman gabe. Bigarren zatian hazi egingo da, batez ere, informazio aldetik. Bi ikerketa bide daude zabalik, oso desberdinak biak, baina pixkanaka lotura zuzena dutela ikusiko dugu”, argitu du Redondok. Amaia Salazar da trilogiako protagonista, eta bigarren liburu honetan, beste erronka handi bati aurre egin beharko dio, ama izango baita. Oraingo lan honetan ere ez dute hutsik egingo mitologiako pertsonaiek. Gainera, agotetarren kontuak ere sartu ditu istorioan.
Pertsonaia nagusiaren gurasoek, hau da, Amaia Salazar ikertzailearen gurasoek, obradore batean lan egiten dute, baina berari ez dizkio batere oroitzapen onak ekartzen. Izan ere, bere amak gaizki tratatu zuen beti Amaia Salazar, gainerako ahizpengandik bereiztuz. Edonola, kontakizunean Dolores Redondok behin baino gehiagotan aipatzen ditu txantxingorriak, Baztan eta inguruko oso gozo ezaguna. Hala, errealitateak eta fikzioak bat egin dute. Izan ere, nobelak izandako arrakastaren ostean, asko izan dira txantxingorriarengatik galdezka joan direnak, eta asko hazi da euren salmenta. Gainera, turismo ibilaldiak ere antolatzen hasi dira nobelan aipatzen diren benetako inguru horiek ezagutarazteko. Inguru horiek ezagutu dituen pertsona bat behintzat jakina da zein den, Peter Nadermann. Millenium zinemara eraman zuen ekoizlea da bera, eta Redondoren istorioa zinemara eramateko eskubideak erosi zituen. Nadermann udaran egon zen Baztanen, Redondo berarekin ingurua bisitatzen. “Inguruarekin maitemindu zen. Filma bertan errodatzea posible zen ikusi nahi zuen. Niretzako oso garrantzitsua zen filma bertan egitea, eta berak Baztan ezagutu ondoren gauza bera pentsatzen du”.
Fernando Rey eta Mikel Vilches arduratu dira Dolores Redondoren bigarren nobela euskaratzeaz, eta Rey berak aurkezpenean onartu duenez, oso gustura egin dute lan elkarrekin. “Intriga generoa gogoko dut eta jatorrizko bertsioarekin ahalik eta fidelenak izaten saiatu gara, itzultzaileen lana nabaritu ez dedin”, aipatu du Reyk. Hori bai, istorioa Euskal Herrian bertan gertatzen denez, ahalik eta errealismo handiena ematen saiatu dira, euskara moldatuz. “Sinisgarritasuna emateko, nafarreraren ukitu bat eman diogu testuari, bertakoen artean hitz egiten dutenean behintzat. Imajinazio ariketa bat ere egin behar izan dugu, euskara normalizatua egongo zen Nafarroa hori nolakoa izango zen imajinatzeko. Hala, euskara batua erabiliko luketela pentsatu dugu, baina nafarrera ukituarekin”, azaldu du itzultzaileak.