"Guk berrogei gazteon absoluzioa eskatzen dugu, baina ez dut uste epaia hori izango denik"
Herrikrossa.com webgunean ere. Partaide guztiek kamiseta laranja bat jasoko dute opari, eta lasterketan erabiltzea nahi dute antolatzaileek, hiria kolore laranjaz janzteko. Informazio gehiagorako librelasterketa@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke edo 943-42 92 38 telefonora dei daiteke.[/box]
Aste honetan Segiko kide izatea egotzita auzipetuta dauden gazteen lekukoek deklaratu dute Madrilen.
Libre lasterketa egingo dute larunbatean, ‘herriko tabernen’ eta Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurkako epaiketen gastuei aurre egiteko.
Segiko kide izatea egotzita, 40 gazte epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sei donostiar daude epaituen artean: Maialen Eldua (Egia), Asier Coloma (Parte Zaharra), Mikel Esquiroz (Intxaurrondo), Garazi Rodriguez (Gros), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra) eta Eihar Egaña (Amara). Joan den urriaren 14an hasi zen epaiketa, eta auzipetuek militantzia politikoa aldarrikatu eta inkomunikazio aldian sufritutako torturak salatu zituzten. Aste honetan defentsaren lekukoek deklaratu dute Madrilen.
Maialen Eldua auzipetuarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurkako epaiketaz. Astelehenean auzipetu donostiarren defentsaren lekukoek deklaratu zutela azaldu du. Donostiako hainbat gizarte eta politika dinamikatan egindako lanen azalpenetan oinarritu ziren lekukoen deklarazioak. Intxaurrondoko Gazte Asanbladako eta Letaman gaztetxeko kide batek hartu zuen hitza; eta baita Donostiako Piraten kolektiboko Aritz Barelak ere. Akusatuen guraso batzuek ere deklaratu zuten, gazte auzipetuen etxeetan egindako miaketen inguruan. Iñaki Egaña, Eihar Egaña auzipetuaren aita, kasu. Deklaratu zuen Espainiako Poliziak berea zen material asko eraman zuela etxetik. Nerea Redondo egiatarrak ere deklaratu zuen asteleheneko saioan. 2009ko azaroaren 24ko sarekadan Arrano Elkarteko presidente zen, eta Maialen Elduaren atxiloketan egindako miaketen lekuko izan zen.
Gaur (asteazkena) bukatu dute deklaratzen lekukoek. Epaiketa hurrengo urtean bukatuko da; azken saioak urtarrilaren 16an, 17an eta 30ean eta 31n izango dira eta. Perituen txanda izango da orduan. Elduak azaldu duenaren arabera, defentsak Istanbul Protokoloaren araberako froga perizialak aurkeztuko ditu, eta torturak gainbegiratu dituzten adituek parte hartuko dute epaiketan.
Aitziber Arrietak, Maialen Elduak eta Garazi Rodriguezek irain, mehatxu eta eraso sexistak egin zizkietela salatu zuten epaiketan: ukituak, bortxatzeko mehatxuak… Momentu gogorrak izan zirela aitortu du Elduak, eta erabateko ezintasuna sentitu zutela.
Epaiketaz “nazkatuta” daudela adierazi du Elduak: “Beti pentsatu dugu hau zirku bat zela, behin epaiketa hasita okerragoa izan da. Lehen egunean ikusten dituzu zeintzuk diren zure aurkako frogak. Etxean aurkitutako musika CDak direla, manifestazio batera joan zarela erakusten duen argazkiren bat dela… Ondoren etortzen dira poliziak eta beraien gezur guztiak kontatzen dituzte”. Epaiketak zentzurik ez duela uste du Egiako gazteak: “Beraiek onartzen dute guk torturatzaileen aurrean ez egon nahi izatea epaiketan, eta esaten dute ez dela posible egun horrelako torturak ematea… Baina epaiketak aurrera jarraitzen du. Hori guztia horrela baldin bada, eta ez baldin badago frogarik, eta jakinda inkomunikatuta egon garela eta torturatu egin gaituztela… Ba epaiketa honek ez du zentzurik”.
Epaia noiz emango duten ez daki Elduak, baina “azkar” egin nahi dutelakoan dago. Auzipetuek ere epaiketa lehenbailehen bukatzea nahi dutela adierazi du: “Zu hona iristen zara eta esaten duzu, ‘Hau txiste bat da’. Baina epaiketa guztiak omen dira horrelakoak, eta zigorrak ezarri dituzte. Guk gazte guztion absoluzioa eskatzen dugu, baina ez dut uste epaia hori izango denik”. Fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatu du guztientzat.
[box]EPAIKETEN GASTUEI AURRE EGITEKO LIBRE LASTERKETA EGINGO DUTE LARUNBATEAN
‘Herriko tabernen’ eta gazte mugimenduaren aurkako epaiketetan auzipetutako donostiarrek 26.000 euroko gastua dute
Libre lasterketa antolatu dute Donostian, Guztion konpromisoaz, Donostia LIBRE! lelopean. Hala, hiriaren erdialdeko kaleetan barrena 6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute partaideek, abenduaren 14an, 20:00etan. Lasterketaren helburua ‘herriko tabernen’ eta gazte mugimenduaren aurkako epaiketetan auzipetuek izandako gastuei aurre egiteko ahalik eta diru gehien biltzea da: Madrilera bidaiak, abokatuak, bermeak… Bi epaiketa hauetan bederatzi donostiar daude auzipetuta, eta Maialen Elduak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio 26.000 euroko gastua kalkulatu dutela. Lasterketaren bidez “epaiketa politiko hauek guztiak gelditzea” aldarrikatuko dute.
Bulebarrean hasi eta bukatu da lasterketa, eta aldez aurretik izena eman daiteke, 15 euroren truke; egunean bertan izena emateagatik, berriz, 18 euro ordaindu beharko dira. Antiguotarrak (Antigua), Suhazi (Parte Zaharra), Herria (Parte Zaharra), Ilunki (Amara), Marruma (Gros) eta Hontza (Loiola) tabernetan egin daiteke aldez aurreko izen ematea, baita