Kursaal Fundazioa Kursaal Eszena izango da 2014tik aurrera
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zenbait enpresa pribatuk prentsaurrekoa egin dute aurtengo emaitza ekonomikoen berri emateko eta 2014ko aurrekontua eta egitaraua aurkezteko. Datorren urteko aurrekontua %8an murriztuko duten arren, eskaintza kopurua mantenduko dute.
Programazioa
Urtarriletik aurrera, Kursaal Eszena izango da orain arte Kursaal Fundazioak garatu duen kultur jardueren eskaintzaren arduraduna. “Sinergiez baliatuz, berrikuntza hau irudi aldaketa bat izateaz gain, eraginkortasuna eta kostuak hobetu nahi izan ditugu”, azaldu du Iker Goikoetxea kudeaketa arduradunak. Enpresa publiko zein pribatuen laguntza jasotzen jarraituko dute eta batzordearen lehendakaria Antonio Oña izango da, EDP Naturgas Energiako ordezkaria. Gainera, fundazioa izateari utziko dio eta Kursaal Elkargunearen barneko batzordea izango da.
“Marka berria izan arren, Kursaal Fundazioaren helburu berberak izango ditu eta azken honen ildoa jarraituko du”, azpimarratu du Ikerne Badiolak. Izan ere, Kursaal Eszenaren asmoak honakoak dira: Kursaal Elkargunea ardatz gisa hartuz, Donostiako kultura eskaintza zabaltzea; kultura egitarau zabala eta oparoa eskaintzea; inguruko kultura eskaintza dinamizatzea; eta, Gipuzkoa eta Donostiako irudia sustatzea.
Aurtengo datu ekonomiko nagusiei erreparatuz, oraindik urtea amaitzeko egun batzuk falta dira, baina aurrekontua aurreikusitakoa –1.496.416,88 euro– izango dela esan du Iker Goikoetxeak. Diru sarreren %67a Kursaal Fundazioko patronoen ekarpenena izan da eta %33a lehiatilan saldutako sarrerena. “Ikus-entzuleek ezin hobe erantzun dute eta leial mantendu dira”, azpimarratu du Iker Goikoetxeak.
Programazioa eta ikus-entzuleei dagokionez, guztira 32 ikuskizun eskaini dira eta okupazioa %78koa izan da, 28.765 ikus-entzulerekin.
Musikarik gabe, bizitza akats bat izango litzateke
Datorren urteari begira, aurrekontua %8an murriztuko duten arren –1.367.546,31 euro–, kontzertuen eskaintza kopurua mantenduko dute. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, %10ean handituko dute euren babesa; izan ere, bakoitzak 300.000 euro eskainiko dizkio 2014an Kursaal Eszenari.
Antonio Echenique Kursaal Fundazioko programazioaren arduradunak Nietzscheren esaldi bat bere egin du eta “musikarik gabe, bizitza akats bat” izango litzatekela aitortu du. Horrenbestez, guztira 30 kontzertu egingo dira eta hauek hiru arlotan sailkatu dituzte: kontzertu herrikoiak, musika klasikoa eta alor didaktikoko kontzertuak. Beste batzuen artean, Kukai, Oreka TX eta Kalakanen ikuskizuna, Esne Beltzaren kontzertua eta Kirmen Uribek Win Mertensekin batera emango duen kontzertua nabarmentzekoak dira.
Kursaal Eszenak 2014ko otsailetik ekainera antolatu duen denboraldirako musika klasikoko abonuak abenduaren 13, 14 eta 15ean salgai jarriko ditu.
[box]
- Urtarrilak 4. Herritmo: Oreka TX & Kukai & Kalakan (20:00).
- Urtarrilak 23. Cantus Cölln (20:00).
- Otsailak 4. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa (20:00).
- Otsailak 8. Mastretta haur kontzertua: Txikijazz (18:00).
- Otsailak 25. Bill Callahan (20:00).
- Martxoak 15. Gerra eta bakea (12:00).
- Martxoak 26. Wim Mertens eta Kirmen Uribe (20:00).
- Martxoak 29. Esne Beltza (20:00).
- Martxoak 30. Kopenhageko Orkestra Sinfonikoa (19:00).
- Apirilak 24. Estopa (20:00).
- Apirilak 28. Le Concert Spirituel (20:00).
- Maiatzak 4. Eric Burdon (19:00).
- Maiatzak 11. BBC Orkestra Sinfonikoa (19:00).
- Maiatzak 18. Vetusta Morla (19:00).
- Ekainak 5. Akademie Für Alte Musik Berlin (20:00).
- Ekainak 20. Pirritx, Porrots eta Marimotots: Sentitu, pentsatu, ekin! (16:30 – 19:00).