‘Hautsa kenduz’ bildumako 12. liburua aurkeztu du Altzako Historia Mintegiak, herritarrez gainezka zegoen Herrerako jubilatuen elkartean.

Iñigo Landa, Hautsa Kenduz 12 liburua eskuartean duela. (Argazkia: E. Zabala)
Duela 25 urte hasi zuen Altzako Historia Mintegiak
Hautsa kenduz liburu bilduma, Donostia Kulturaren laguntzari esker. Urte horietan guztietan liburu bat argitaratu dute bi urtetik behin, hainbat lagunen elkarlanari esker, eta gaur aurkeztu dute hamabigarrena,
Hautsa kenduz 12. Iñigo Landa liburuaren koordinatzailea eta Jon Serrano historia mintegiko presidentea arduratu dira aurkezpena egiteaz, Herrerako Aterpea jubilatuen elkartean, altzatarrez gainezka zegoen ekitaldian. Altzako historia errekuperatu eta zabaltzea izan dute hasieratik helburu historia mintegiko kideek, eta herritarren partaidetzari esker helburua lortzen ari direla uste dute. Guztira, 25 elkarte edo kolektibo eta 102 norbanakoren lanari esker osatu dute lana. Hala, partaideek egindako artikuluen bidez Altzaren argazkia eta haren sare soziala osatzea lortu dutela aipatu dute.
Iñigo Landak Altzaren egungo egoera eta liburuko edukiak izan ditu hizpide. Argi utzi du, ez daudela batere ados Donostiako Udalak adostutako lurralde mugekin. Hala, betidanik Mirakruz Gaina izan dena Ategorrietatzat dutela aipatu du, beste adibide batzuekin batera. “Frankoren garaian anexionatu zuten Altza Donostiarekin, baina Franco duela 40 urte hil zen, eta ordutik mugak aldatu dituzte, herritarrekin kontsultatu gabe”, salatu du Landak. Liburuko artikuluak egileek beraiek hautatutako hizkuntzan argitaratu dituzte; gaztelaniaz eta euskaraz, eta bat, galizieraz. “Ez gaude gure zilborrari begira. Historia lokala unibertsala dela pentsatzen dugu. Hemen gertatzen dena leku askotan gertatzen da, eta beste leku batzuetan gertatzen diren gauza asko hemen ere gertatzen dira”, gehitu du koordinatzaileak. Altzako historiako kontuak, Altzako elizako kanpaiak, Altzako etxe eta baserriak, eta Joxemari Arrieta auzotar festazalearen inguruko kontuak topa daitezke liburuan, besteak beste; gainera, Garberako bizilagunen garai bateko argazki bilduma ere jaso dute.
Liburuan dokumentu eta argazki guztiak sartzea ezinezkoa izan dutenez, zenbait artikulutan QR kodeak erantsi dituzte; irakurlea Altzako Tokiko Bildumaren datu-baseetara eramango dutenak. Liburua bera, 6 eurotan eros daiteke Casares-Tomasene kultur etxean, 600 ale argitaratu baitituzte. Bestela ere, 320 orriko liburua
Internetetik doan lortzeko aukera dago.

Altzatarrez gainezka egon da aurkezpen ekitaldia. (Argazkia: E. Zabala)