"Birziklatzearen aldeko olatua da errauste planta bertan behera utzi duena"
Usurbil, Andoain, Astigarraga, Hernani eta Lasarteko alkateak eta Nora Galparsoro, Donostiako Udaleko bigarren alkateordea San Sebastian hotelean bildu dira, Zubietako errauste planta bertan behera geratu izanak aipaturiko herrietan izan dituen onurak azpimarratzeko, eta bide batez, Zero Zabor norabidean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazteko.
Lehenik eta behin Zubietako errauste plantaren “arrisku eremuan bizitzera kondenatuta zeuden” herritarrak zoriondu dituzte, urte luzez planta toxiko baten mehatxua sufritzearen zama kendu dutelako gainetik. Izan ere, alkateek “herritar guztien osasuna” izan dela irabazten atera dena nabarmendu nahi izan dute.
Zentzu horretan, errauste planta baten ingurun dauden herrietan minbiziaren ondoriozko heriotza tasa %9an handitzen dela adierazi dute. Eta ordezkatzen dituzten herrietako bizilagunak arrisku eremu horretan zeudenez, Zubietako errauste planta ez egitea oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzako oso albiste ona dela nabarmedu dute.
Bestalde, arrazoi ekonomikoak ere aipatu nahi izan dituzte, eta proiektu osoaren 400 milioiko aurrekontua, “euskal ekonomiarentzako sostengaitza” zela esan dute.
Ordezkarien arabera, Europak 2020rako birziklatu daitekeena erretzea debekatuko du, gainera. Zentzu horretan, “erraustegia ez da egin, batez ere beharrezkoa ez delako, hau da, Gipuzkoan dagoeneko ez delako sortzen horrelako azpiegitura erraldoi batek behar izaten duen hondakin kopurua”, esan dute.
Zero Zabor
Errauste planta bertan behera geratzea errausketan oinarritutako kultura batetik birziklapenaren kulturara pasatzeko mugarri izan beharko lukeela uste dute, eta herritar guztien ardura dela etxean hondakinak ahalik eta hobekien sailkatzea. Zentzu horretan, Gipuzkoa osoan zabaldu den “birziklatzearen aldeko olatua” izan dela uste dute errauste plantaren proiektua bertan behera utzi duena. “Herritarren konpromisoari esker erraustegia ez da beharrezkoa izango ez Zubietan ez inon”, adierazi dute.
Zentzu horretan, gaur bildu diren sei herrietako ordezkariek Zero Zabor filosofiaren alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi dute, eta “aldaketarik handiena herritar bakoitzak bere etxean hartutako konpromiso txikietatik” etorriko dela azpimarratu dute.
Bestalde