Plaza Haundin egin dute Egiako lehen auzolana
Egiako auzo-batzarrak auzoaren burujabetzaren alde egindako hausnarketa prozesuaren ondoriozko lehen emaitza Plaza Haundi eraldatzea izan da.
Egiatarrentzat ohiko topalekua da Plaza Haundi, eta lehen auzolana egiteko toki egokiena iruditu zaie. Amalur Alvarez egiatarraren arabera, egun berezia izan da gaurkoa, “batzarretako ideiak kalera ateratzeko” aukera izan dutelako.
Gustura daude gainera, auzotarren harrera oso ona izan delako eta jende ugari bildu delako arropa zaharrak jantzi eta lanerako prest. Plazako hormak margotzeari ekin diote eguerdian. Tejeria kaleko teila fabrika irudikatzen duen marrazkia egin dute iskina batean. Beste iskinean berdea da nagusi, eta ingurumenari keinu eginez, zuhaitzak edo bestelako landareak margotuko dituzte. Egurrezko bankuak ere prestatu dituzte koloreztatzeko, eta plazaren erdi erdian ehunka puxika jarri ditute zintzilika. Alvarezek argitu duenez, “puxikak ez dira apaingarri soilak, urtetan egiatarrek Plaza Haundirako eskatu duten aterpearen ikur baizik”.
Plazaren erdiko horma gorri-gorri jarri dute, eta bertan batzarre baten marrazkia egingo dute. Izan ere, “auzolana tresna bat bada ere, batzarrerik gabe ez du zentzurik; batzarrak dira funtsa”, esan du Amalur Alvarezek.
Egian sortu duten mugimenduak burujabetza duela helburu gaineratu du Alvarezek, eta auzolanak ez direla erakundeek egin gabe uzten dituzten proiektuak egiteko tresna, pentsakera eta bizimodu baten isla baizik.
- Neska bat azken ukituak ematen marrazkiari. (Argazkia: Agurtzane Altuna)