
Ikus-entzunezkoan parte hartu duten guztiek argazkai atera dute San Telmo Museoaren atarian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Betirako kultur ondare gisa geratuko da gaur aurkeztu duten 200 ikus-entzunezkoa, Urgulleko Historiaren Etxeko erakusketa iraunkorra izango baita.
Urtea bukatzen ari den neurrian Bigarren Mendeurreneko jarduerak ere amaitzear dira. Gaur aurkeztu dute hamairugarren eta azken mugarria San Telmo Museoan: hiriko 200 gazteren artean egindako
200 ikus-entzunezkoa.
Proiektua aurkeztu aurretik, ordea, argazkia atera dute egitasmoan parte hartu duten gazte guztiek eta Udaleko ordezkariek museoaren atarian.
200 egitasmoa “historian zehar egindako bidaia” moduan aurkeztu dute. “1813. urtea da bidaia honen abiapuntua eta 2013a helmuga. Iraganari begiratuta etorkizuneko belaunaldia diren gazte donostiarren begietatik ezagutu dugu hiriaren historia”, adierazi du Juan Karlos Izagirre, alkateak.
Hamairu kontakizunen bitartez islatu dute hiriaren historia; hainbat ikuspegi lantzen dituzten kontakizunak dira: hirigintza, bizimodua, industria, kirola, gastronomia…Egitasmo interaktiboa izaki, ikusleak nahi duen pasartea aukeratu ahal izango du. Asun Lasarte, proiektua egin duen Morgancrea enpresako kideak azaldu duenez, ikusleak data bat aukeratu beharko du, eta data horretan zer gertatu zen kontatuko dute hainbat gazteren artean pantaila erraldoiean. Erakusketaren atal bakoitza berezia da, beraz, eta ikusleak aukeratzen du noraino bidaiatu.
200 urtetako historia laburbiltzeko 2.000 iruditik gora erabili dituzte, sekula erakutsi gabekoak horietako asko.
Bihartik martxoaren 2a arte egongo da ikusgai
200 ikus-entzunezkoa San Telmo Museoko Laborategi aretoan, eta ondoren, erakusketa iraunkor gisa jarriko dute Urgullen.