
Jagoba Astiazaranen obra interpretatzen. (Argazkia: Donostiako Udala)
Kontzertu ireki batean aukeratu da lanik hoberena: Jagoba Astiazaranen
Donostia 1813-2013 lana. Atzo egin zuten kontzertua udaletxean. Hala, Bigarren Mendeurrenaren musika eta kultur ondare bihurtuko da Astiazaranen lana. Horixe izan baita hain zuzen ere Bigarren Mendeurrenaren Batzorde Teknikoaren eta Musika eta Dantza Eskolaren bitartez Donostiako Udalak abiarazitako Donostia 1813. Bigarren Mendeurrenaren Musika Lana lehiaketaren lehen helburua: iraganari begiratuz hiriaren historia ezagutu eta etorkizunean ere ezagutzeko aukera emango duten kultur ekarpenak biltzea.
Lehiaketara hamar lan aurkeztu ziren, eta aztertu dituen epaimahai ofiziala honako hauek osatu dute: Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ordezkari bat, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren ordezkari bat, Musikeneko ordezkari bat, 2016 egitasmoko ordezkari bat eta Bigarren Mendeurrenaren Bulego Teknikoaren ordezkari bat. Dena den, irabazlea aukeratzeko herritarren bozka bidezko partaidetza baliatu dute.
Finalera heldu diren beste lanak Alba Sanchezen
Berrehun Oroitzapen, eta Carlos Sagiren
Donostia 1813-2013: Oroipenaren Oihu.