
Taldetxo bat Bulebarretik Erdialdera. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Goizeko freskura ez da aitzakia izan Parte Zaharra korrikalariz betetzeko. 10:00ak puntuan zirela abiatu da Bigarren Mendeurreneko lasterketa Konstituzio plazatik. Ondoren Iñigo kalea, Aldamar kalea, Salamanka pasealekua, San Juan Kalea, Abuztuaren 31 kalea, San Jeronimo kalea (bertan dago lurreko atea), Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Zubieta kalea, Kontxa pasealekua, Satrustegi hiribidea, Eduardo Txillida pasealekua, Satrustegi hiribidea, Kontxa pasealekua, Alderdi Eder, Mari kalea, Portaleta (itsaspeko atea), eta bueltan Konstituzio plazara sartuz osatuko dute ibilbidea parte hartzaileek.
Horrela, kale esanguratsuenak zeharkatu dituzte, baina leku bera aukera dute abiapuntu eta helmuga gisa: Konstituzio plaza. Duela 200 urte, herritarren topaleku nagusia zen orduko Plaza Berria, eta gaurkoan omenalditxo bat egin diote horrela; festa giroko kirol proba bertan zentratuz.
Imanol Cruz (21′ 47”), Alberto Revuelta (21’50”), eta Sergio Roman (21’52”) izan dira lehen hiru gizonezkoak. Emakumeen artean, berriz, Elena Silvestre (25’25”), Claudia Behobide (25’33”) eta Maria Mendibe (26’47”) izan dira azkarrenak. Taldekako irabazle bakarra berriz, Txarriduna Hotel taldea izan da, Imanol Cruz, Alberto Revuelta eta Alberto Arberasek osatu dutena.
-
-
Taldetxo bat Bulebarretik Erdialdera. (Argazkia: Agurtzane Altuna)