
Nerea Txapartegi baserritarrez jantzita, San Tomas eguneko egitaraua aurkezten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Goizean goiz hasiko da San Tomas eguneko ospakizuna; 10:00etan. Jaiaren erdigunea Konstituzio plaza izango bada ere, Okendo plazan, San Juan kalean, Bulebarrean, Elkano kalean, Gipuzkoa plazan, Txurruka kalean, Trinitate plazan eta hiriko beste hainbat auzotan ere izan da zer ikusia. Grosen, Amaran, Ibaetan, Intxaurrondon eta Larratxon, esaterako.
Nerea Txapartegik aurtengo parte hartzea nabarmendu du, iaz baino postu gehiago jarriko baitituzte, 212 guztira, eta iaz baino parte hartze handiagoa izango baita lehiaketetan ere. Txorimalo lehiaketa Okendo plazan egingo dute, ezti lehiaketa Bretxan, Euskal Herriko Txistor lehiaketa Gipuzkoa plazan eta barazki eta fruitu lehiaketa Konstituzio plazan.
Lehiaketen harira, bertako baserritarren produktuak kontsumitzearen garrantziaz hitz egin du Txapartegik; “Egun aproposa da urrutira joan gabe, etxetik gertu ekoizten diren elikagaiak ezagutu eta dastatzeko”, esan du.
San Tomas egunean baserritarrez jantzita etortzeko deia egin die herritarrei eta bisitariei Txapartegik; berak ere halaxe egin du, garai bateko jantziak soinean zituela dotore-dotore aurkeztu baitu egitaraua.

Jaxinta txerria, Leitzako Arro baserrian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
‘Jaxinta’ txerria
Urtero bezala, abere erakusketa Okendo plazan egingo dute aurten ere, baina animalia guztien erregina faltako da bertan, Konstituzio plazan egongo baita ikusgai
Jaxinta, San Tomas eguneko erregina. Leitzako Arro baserrian dago oraindik txerria, hemendik egun gutxira ehunka lagun berari begira egongo direla konturatu gabe.
Sagardo kupelak gurdian, Aietetik Bretxara
Jakina da San Tomas egunean baserritarrak errentak ordaintzera eta bide batez gozokiak erostera etortzen zirela Donostiara. Kaletarrek berriz gustura jasotzen zituzten baserritarren produktuak. Orduko ohiturak asko aldatu dira, baina aurten Bigarren Mendeurreneko ospakizunei ere keinu egingo diote San Tomas egunean.
Horretarako, Sagardo Apurua 2013 jarduera antolatu du Sagardogileen Elkarteak. Jarduera honen bidez Txotx denboraldiari hasiera emango diote gainera. Goizeko 9:00etatik 13:00era sagardoa nola egiten den erakutsiko dute Aieteko Katxola baserrian. 10:30ean sagardo kupelak idiek bultzaturiko gurdi batean eramango dituzte Katxolatik Bretxaraino, bertan jarriko duten ‘sagardotegi zahar’ bateraino. Etxaditik behera, Amara, Easo plaza, Garibai kalea, Injentea kaletik barrena, Bulebarra zeharkatuko dute idiek. 12:30ean espero dute Bretxara iristea.
Musika, herri kirolak, bertsolariak, kantu jira, tailerrak, artisauak, taloak, txistor pintxoak…askotariko eskaintza eta jarduerak izango dira larunbatean.
Egitarau zabala da, hiriko hainbat txokotan antolatu baitituzte jarduerak.
Hala ere, “festa jasangarri eta garbi batzuen aldeko apustua” egin dutela adierazi du Nerea Txapartegik. Edukiontzi bereziak eta komun kimikoak jarriko dituzte kaleetan, baita berrerabili daitezkeen edalontziak ere. Gainera, indarkeria matxistarik gabe, “jaia berdintasunean oinarriturik bizitzeko” deia egin du Txapartegik.