
Ezker-eskuin: Xabier Paya (Donostia 2016ren ahotsen itsasargiaren arduraduna); Mariaje Torres (Donostia Kulturaren Festak unitatearen arduraduna); Iker Tolosa (Donostia 2016), Carlos Arruti (Maushaus); Ane Egia (Gondolin SUP Kluba); Xabier Vazquez (Txuri Izotz Jauregia); Jaime de los Rios (hackerra); Peio Ruiz Cabestany (DonostiRoller-Txuri Izotz Jauregia), Josemi Beltran (Donostia Kulturaren Zine unitatearen arduraduna); Imanol L. Perotxena (Donostia 2016); Jokin Telleria (Xpression K); Titty Thusberg (moda iraunkor diseinatzailea).
Bosgarren Olatu Talka jaialdia egingo dute udaberrian
Bi asteburu hartuko ditu Donostia 2016k koordinatuko duen egitarauak; herritarrek euren proposamenak bidal ditzakete jada.
Hiria eta hiritarrak kulturalki “astindu” nahi dituzte. Bosgarren Olatu Talka jaialdia prestatzen hasi da Donostia 2016, eta hainbat eragilerekin ari da elkarlanean, udaberrian iritsiko den ekitaldia prestatzen. Duela lau urte egin zuten lehen Olatu Talka jaialdia. Urtean zehar egiten den lanaren plataforma moduan sortu zen, eta helburu zehatz batzuk ditu: espazio publikoaren erabilera berriak probatu nahi dituzte; aktibismoaren bidez gizartearen kritika landu; orain arte ohikoak ez ziren kultur praktikak ikusarazi; eta artista profesionalen eta amateurren artean elkarlanerako bide berriak sustatu.
Hain zuzen, amateurren eta profesionalen arteko elkarlana bultzatu nahi du Olatu Talkak. Horregatik, aurreko ekitaldietan bezala, herritarren proposamenak jasoko dituzte.
Olatutalka.eu webgunearen bidez parte har daiteke. Otsailaren 19a arte izango da parte hartzeko aukera.
Aurten Olatu Talka ez da asteburu bakarrean egingo.
Bi asteburu hartuko ditu, eta lau egunetan egingo dute: maiatzaren 23an, 24an eta 25ean; eta ekainaren 1ean. Hurrengo Olatu Talkako egitarauan parte hartuko duten hainbat eragile izan dira Olatu Talka jaialdiaren aurkezpenean, eta haiek azaldu dituzte egun lantzen ari diren jarduera horiek zer diren.
[box]
Ziklobia
Iazko ekitaldiko jarduera arrakastatsuenetako bat Ziklobia izan zen. Antigua eta Añorga bitartean, errepidea libre utzi zuten bizikleta gainean eta patin gainean ibiltzeko. Motorrik gabeko ibilgailuentzako eta oinezkoentzako utziko dute libre errepide bat. Ekainaren 1ean, igandea, egingo dute. Oraindik ez dute zehaztu non egingo duten aurtengoa. Baina hiriaren erdigunetik irten eta periferiarantz abiatuko da ziur.
Garbibai
Urumea ibaia garbitzeko kirol proba bat da. Gondolin eskolak antolatzen du, eta Stand Up Paddle lasterketa bat da finean. Ibaia garbitu eta bertan aurkitutako zaborra ere erabili egiten dute. Umeentzako tailerrak eta erakusketa bat egin zuten iaz.
Hactibismoarekin lotutako jarduerak
Ezagutza askeari eskainitako topaketa bat egingo dute. Espazio publikoa okupatu eta hainbat jardueratan parte hartzeko gonbitea luzatuko diete herritarrei,
Do It Yourself filosofiari lotutako jarduera izango da. Kontsumitzaileak sortzaile bihurtu nahi dituzte jarduera honetan.
Talka Live
Expression K elkarteak sustatutako jarduera da. Artista berriekin lan egiten duen elkartea da. Aurreko ekitaldietan kontzertuak antolatu dituzte ez ohiko espazioetan. Orain arte musika ikuskizunak programatu dituzten arren, aurtengoan askotariko emanaldiak ekarriko dituztela adierazi dute.
Moda iraunkorra
Titty Thusberg diseinatzaileak moda iraunkorra egiten du, eta herritarrei ere moda bizitzeko beste modu bat erakutsi nahi die. Hainbat jarduera egin izan ditu arropa trukea sustatzeko eta arropa birziklatzeko tailerrak egin ditu. Egungo modak pizten duen eredu kontsumistaren aurrean, moda iraunkorraren aldeko apustua egin du Thusberg-ek.
Donostia, entzun gaitzakezu?
Haurrek ere ametsetako hiria irudikatzea nahi du Maushaus elkarteak. Haurrentzako arkitektura eskolak eman izan dituzte, haurrek ere hirigintzan pentsa dezaten.
[/box]