Donostiako Udalak 350.955.781 euroko aurrekontu finkatua ezarri du 2014rako eta lehentasuna inbertsio sozialari emango dio, %3,7ko igoerarekin.
![Nora Galparsoro, Juan Karlos Izagirre eta Jabi Vitoriak 2014ko aurrekontu proiektua aurkeztu dute. (Argazkia: Lide Ferreira)](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2013/12/DSC_5137.jpg)
Nora Galparsoro, Juan Karlos Izagirre eta Jabi Vitoriak 2014ko aurrekontu proiektua aurkeztu dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Udal Gobernuak komunikabideen aurrean agerraldia egin du gaur 2014rako aurrekontu proiektua aurkeztu eta xehetasunak azaltzeko. Bertan izan dira Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Mantenuko zinegotzia eta Jabi Vitoria Udal Gobernuko Ogasun arduraduna.
Lehenik eta behin, Juan Karlos Izagirrek bi ezaugarri nabarmendu nahi izan ditu: “Aurrekontu proiektu hau ez da zenbakietara mugatzen, horren atzean pertsonak eta horien beharrak daude. Gainera, Udalak duen hiri eredua erakusten du”. Jabi Vitoriak erantsi du “krisi garaietan osatutako aurrekontua” dela eta esfortzu handiarekin egindakoa, baina dituzten baliabideekin aurrekontu “eraginkorra” dela eta “errealitatera egokitua”.
Zifra orokorrei erreparatuz, Donostiako Udalaren 2014ko aurrekontu finkatua 350.955.781,21 eurokoa izango da eta aurreko urtekoari dagokioenez, %2,23 murriztuko da. Aurreikusitako aurrekontu finkatuaren 291.242.790,84 euro Donostiako Udalari dagozkionak izango lirateke eta beste 55.115.519,23 euroak Udalak berak parte hartzen duen Erakunde Administratibo Autonomoei eta hainbat Elkarte eta Erakundeei dagozkie. Aurrekontu proiektua hiru ardatzetan oinarritzen dela azaldu dute.
Lehenengoa, krisiari aurre egitea, ekonomia aktibatzeko estimulu plan baten bidez eta inbertsio soziala eginez (%3,7 igoko da). Bigarren ardatza kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratuz, pertsonen beharrei aurre egitea izango da eta igoera txiki bat egongo da, %1,17koa, hain zuzen ere. Azkenik, inbertsioetan lehentasunak ezarriko dituzte: hiritarrentzat espazio publikoak errekuperatzea eta kulturaren aldeko apustu estrategikoa, besteak beste. Azken hau Gobernua bultzatzen ari den hiri ereduaren garapenerako estrategiatan oinarritzen da eta bertan hainbat eremu daude: Urumea inguruan uholdeak ekiditeko egingo diren lanak, Txomin eta Martuteneko garapena, kulturaren aldeko apustu estrategikoa (%1,5 igoko da), tabakalera, 2016 eta Norteko Geltokiaren lanak.
12:00etan Ogasun Batzordea bilduko da eta bertan Udal Gobernuak Udalean ordezkaritza duten talde politikoei aurrekontu proiektua aurkeztu eta entregatuko die. 14:00etan Bozeramaileen Batzordea bilduko da eta foro hori izango da aurrekontuak Udalbatzara eraman aurretik ezarriko den egutegia finkatuko duena.