![udal liburutegi nagusia](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2013/12/CARTELFACHADA.jpg)
Liburutegi Nagusiari
Txillardegi izena jartzeko proposamena bozkatu da gaur goizean Donostia Kultura Tokiko Enpresa Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluan. Udal Gobernuak eraman du bertara proposamena, eta oposizioko alderdiek baztertu egin dute: PSE-EE, PP eta PNV daude ordezkatuta erakunde horretan eta hirurek aurkako botoa eman dute.
Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak “ulertezintzat” jo du oposizioko alderdien jarrera: “Txillardegik gure hiriari, euskarari, eta euskal kulturari egin zion ekarpena betirako aitortzeko unea zen, eta ez dugu ulertzen nola oposizioko alderdiek ez duten proposamen hori babestu, are gehiago, herritarrengandik eratorritako eskaera denean, herrigintzan, kulturgintzan, euskalgintzan ari diren bi eragile ezberdinetatik”.
Plazara Goaz Euskara Batzordeak iazko urrian egin zuen eskaera, eta
berriki idazle eta sortzaile talde batek egin du aldarrikapen bera. Txillardegik utzitako ondarea ukaezina dela nabarmendu du Txapartegik: “Txillardegik arlo anitzetan beteko lituzke udal liburutegi batek bere izena edukitzeko baldintzak; euskaltzale, euskaltzain, pentsalari, ikertzaile, hizkuntzalari, irakasle, idazlea… Euskara batuaren aita izan zen, saiakeraren alorrean ibilbide emankorra izan zuen, eta idazle gisa euskal literaturan bide berriak urratu zituen, ordura arte gure literaturari arrotzak zitzaizkion gaiak landuaz. Euskal eleberri modernoaren aitzindari ere izan zen, eta, euskara eta euskal kulturaren erreferente bat da”.
Donostia bera bere bi obren pertsonai nagusi bihurtu zuela gogorarazi du Txapartegik: “Donostia letren munduan txertatu zuen eta hori nahiko da liburutegi bati haren izena jartzeko. Donostiako Liburutegi Nagusia gainera, maiz bisitatzen zuen Txillardegik. Bertan ordu asko egindakoa da, hemen gertu bizi zen gainera, bere hainbat liburu ekoizteko habia izan da, liburutegian bertan dauden liburuak behin eta berriz bere eskuetan edukitakoa. Ezin beraz, leku aproposagorik aurkitu haren izena eramateko eta modu horretan hiriari egin zion ekarpena betirako aitortzeko”.
Oposizioko alderdien jarrera “kontraesankorra” dela ere salatu du Txapartegik. Jose Luis Alvarez Enparanza
Txillardegi joan den urteko urtarrilean hil zenean, Donostiako Udalak erakunde adierazpena onartu zuen idazleak euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmenduz. Aurtengo urtarrilean, berriz, Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion.