Euskararen egoera aztertzeko bilera ireki bat egingo du EHEk
Abenduaren 27an, Parte Zaharreko Arrano elkartean batzar ireki bat egingo dute 17:30ean.
Donostiako Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek euskararen egoerari buruz jardun nahi dute, eta bilera ireki batera deitu du. Benetako euskararen normalizazioa lortzeko “herri mugimendu euskaltzalea eta euskaraz bizitzeko herri gogoa” indartu behar dela uste du EHEK, “euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko”.
Donostia Euskal Herriko hiriburu euskaldunena izan arren gaur euskaraz bizitzea “ezinezkoa” dela adierazi dute. “Azken hamarkadatan aurrerapausoak eman diren arren, argi dago hiriko ia esparru guztietan erdarak hizkuntza hegemoniko eta nagusia izaten jarraitzen duela eta horrek euskara 2. mailako hizkuntza izatera mugatzen duela”.
Hezkuntzan egindako urratsak herritarren bultzadari esker lortu direla uste du EHEk, eta ez administrazio publikoen borondateagatik. Donostian 16 urtetik beherako 10.100 ikasle A eta B ereduetan ikasten ari direla gogoratu du: “Hezkuntza eredu hauek ez dute inondik inora euskararen ezagutza bermatzen eta ondorioz milaka haur eta nerabek ez dute euskara behar bezala ezagutuko. Gainera Donostian euskaraz ikasteko eskubidearen urraketa nabarmenak pairatu behar ditugu Lanbide Heziketan zein Unibertsitateetan”.
Administrazio eta zerbitzu publiko nagusietan ere, euskaraz bizitzea eta euskaraz artatua izatea “ezinezkoa” dela salatu du: “gure eskubidea egunero eta modu sistematikoan urratzen zaigu. Kasu askotan Osasun zerbitzuetan, Justizian, Herrizaingoan… euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Arlo pribatuan ere (merkataritzan, ostalaritzan, bankan…) euskararen erabilerak ez du aurrera egiten”.
Bilera irekia izango da. Abenduaren 27an bilduko dira, Parte Zaharreko Arrano elkartean, 17:30ean.