Bisitariek 8,9ko nota ematen diote Donostiari
Pintxoak jatea da bisitariek gehien atsegin dutena, eta guztiek gomendatzen dute hiria oporretarako edo egun pasa egiteko.
Datakey enpresak 2012ko maiatza eta 2013ko apirila bitartean jasotako datuak erabili dituzte Donostiara datozen bisitariak hobeki ezagutzeko eta hala, eskaintza turistikoa euren beharretara egokitzeko.
510 bisitari aztertu dituzte, eta ateratako ondorioen arabera, Donostiara datozen gehienak gazteak dira; 40 urtetik beherakoak (%66). Errenta maila ertain edo altukoak izan ohi dira, eta bikotean edo taldeka etortzen dira.
Gehienek ostatuetan eta hoteletan egiten dute lo, eta Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak esan duenez, bisitarien fideltasuna da azpimarragarriena. Izan ere, bisitarien %52a aurrez egona da hirian eta gainera ia denek gomendatzen dute. “Bisitariak eurak dira ahoz ahokoarekin hiria hobekien saltzen dutenak; bisita errepikatzea oso datu ona da”, esan du Narvaezek.
Bisitarien ezaugarriak
Bisitariek oso nota ona ematen diote Donostiari (8,9 puntu), bai goi denboraldian eta baita behe denboraldian ere gainera.
Zer gustatzen zaien galdetuta, “dena” erantzuten dute gehienek. Baina jarduera gustukoenak pintxoak jatea, erosketak egitea eta eguzkia hartzea dira. Gutxien gustatzen zaizkienen artean, berriz, prezioak, eguraldia, eta aparkamentua leudeke.
Manu Narvaez eta Josu Ruizek interneten garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, ia bisitari guztiek Internet bidez eskatzen dute informazioa eta baita erreserbak egin ere. Hori dela eta, online bidezko estrategiak lantzeko ahalegin berezia egingo dute.
Jatorriari dagokionez, nazioarteko turisten gorakada nabarmendu dute.