Errege Magoek San Telmo Museotik agurtuko dituzte donostiarrak
Iaz Kontxan egin zieten ongi etorria Errege Magoei. Txirrinda-Taxi edo txita gainean iritsi ziren hirira. Aurten, Zuloaga plazan izango dira, San Telmo Museoan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zuloaga plazara iritsiko dira igande arratsaldean, 14:50ean eta handik udaletxeraino joango dira, ohi bezala.
Zuloaga plazatik Soraluze eta Aldamar kaletik jarraituko dute, eta handik Bulebarrerako bidea hartuko dute. Bulebarra zeharkatu ondoren, Alderdi Ederretik udaletxera iritsiko dira, eta han izango dira udalbatza aretoan, 15:30 eta 17:00ak artean. Agurtzera hurbildu eta eskutitza eman nahi dieten neska-mutilei egingo diete harrera Errege Magoek. Udaletxera sartzeko ilara 17:00etan itxiko da.
2.000 kilo goxoki banatuko dituzte desfilean
Arratsaldean, 18:00etan, abiatuko da Bulebarretik Errege Magoei ongi etorria emateko desfilea etaErdialdeko kaleetan barna ibiliko da: Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Bulebarra. Desfilean, Errege Magoak lagunduz, trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, Txu- txu trena eta Erregeen pajeek hartuko dute parte. Aurten ere, animaliek ez dute hutsik egingo. Guztira 637 lagun.
Errege Magoen segizioak gozokiak banatuko ditu hiru karrozetan ibilbidea egin bitartean: Meltxor Erregearenak bi zaldi izango ditu ikur nagusi, Gasparrenak irudi egiptoar batzuk izango ditu oinarri eta Baltasarren karrozako irudi nagusiak, afrikar ukitu batekin, pantera batzuk izango dira. Donostiako suhiltzaileen eskala-kamioi bat joango da Baltasarren karrozaren atzetik. Kamioiari esker, Errege Magoek pisurik altuenetan ere opariak banatu ahal izango dituzte.
Haurrek goxoki ugari eskuratzeko aukera izango dute, aurten, 2.000 kilo prestatu baitira -horiek guztiak zeliakoentzat egokiak. Desfilea amaitu ondoren, 19:00 inguruan, Errege Magoek hiriko hainbat ospitale bisitatuko dituzte urtarrilaren 5eko gauaren poza partekatzeko asmoz.