![Uliako Gimnastika, krosa](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2014/01/Errege.jpg)
Krosaren aurkezpena egin dute gaur goizean, Uliako Gimnastikaren egoitzan. (Argazkia: E. Zabala)
Aurrekontuak 16.000 euro gutxiago izan baditu ere, Uliako Gimnastikak Europako lasterketarik zaharrena antolatzen jarraituko du.
Errege Egunarekin bat eginez, urtarrilaren 6a hain zuzen ere,
Erregetako Krosa antolatzeko ohitura du aspalditik Uliako Gimnastikak. 1918an antolatu zuten lehen aldiz lehia, eta tartean urteren batean huts egin badu ere, antolatzaileen arabera egun bizirik dagoen Europako lasterketarik zaharrena da. Hala, aurten ere 350 partaide inguru izatea espero dute. Krisi ekonomikoaren garaian egonik, lasterketak ere ez daude salbu, eta Erregetako Krosak, esaterako, 16.000 euro gutxiago izan ditu aurtengo lehia antolatzeko; izan ere, Kutxabankek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte eman izan duten diru laguntza kendu dute. Krosaren aurkezpena egin dute gaur goizean, eta bertan xehetasunen berri eman dute antolatzaileek.
Asteleheneko lasterketa nagusia, 11:45ean hasiko da, eta partaideek 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Momentuz 110 lagun inguruk eman dute izena, baina iazko moduan 300 korrikalariren langa igarotzea espero dute; izan ere, datozen bi egunetan izaten dituzte izen emate gehienak. Laugarren urtez jarraian, nazioarteko krosarekin batera, herri lasterketa ere jokoan egongo da, eta Luis Jimenez Uliako Gimnastikako presidentearen arabera, horixe izan da azken urteetan krosari bultzada eman dioena. Hala ere, oraindik beste bultzada bat behar duela uste dute. Bertako atleta ezagunen artean, gizonezkoetan badakite Sergio Garcia, Ibon Esparza eta Asier Cuevasek parte hartuko dutela, baina emakumezkoek oraindik ez dute izena eman. Kanpotarrei dagokienean, honakoek ziur parte hartuko dute: Gizonezkoetan, Mourad El Bannuri (Marokoko Txapelketako hirugarrena), Workneh Fikre (Xixongo maratoi erdiko txapelduna), Arturo Casado (Espainian zein atzerrian sekulako palmaresa du)… Emakumezkoetan, Cristina Jordan (Albufeirako kroseko txapelduna 2010ean), Malika Asahssah (Erretako Krosa hiru txandatan irabazi du), Marta Tigabea eta Tirhas Grebe (Behobia-Donostiako txapelduna 2010ean eta iazko Erregetako Kroseko bigarren sailkatua).
Lasterketa nagusia baino lehen, alebin eta haur mailako partaideak lehiatuko dira, 10:30ean, 1.830 metroko distantzia eginez; eta kadete eta jubenil mailetako korrikalariak, berriz, 11:00etan lehiatuko dira, 4.410 metro eginez.