Haur eta gaztetxoak zinemara, euro baten truke
Euro baten truke, ikusle gazteenek pantaila handian gozatu ahal izango dute zinemaz. Larunbat eta igandean (urtarrilak 4 eta 5) emanaldi bana izango da Donostian, Principe zinema aretoan. Euskadiko Filmategiak eta Zineuskadik Euskal Herriko lau hiriburutan antolatuko duten egitaraua da Zinegabonak, eta Gabonetako jaien espirituarekin bat egin nahi du.
Larunbatean, 11:00etan Zarafa (Remi Bezançon, Jean-Cristophe Lie, 2013) filma ikusteko aukera izango dute. Cesar sarietan Animaziozko Filmerik Onenaren sarirako hautagaia izan zen. Hamar urteko Makiren eta Zarafa jirafa umezurtzaren arteko adiskidetasun sendoari buruzko filma da. Zarafa arriskuan dago, Egiptoko pashak Frantziako erregeari oparitu nahi diolako. Hassan, desertuko printzeak, Zarafa Frantziara eramateko misio arriskutsua abiatuko du. Era berean, Maki etxera bueltan ekartzen saiatuko da, nahiz eta horretarako bizitza arriskuan jarriko duen. Sudanetik Pariserako bidaia luzean, Alexandria, Marseilla eta elurrez estalitako Alpeak igaroko dituzte, arrisku izugarriei aurre eginez. Hala, Makik eta Zarafak ikasiko dute elkarrekin egonez gero, dena gainditzeko gai direla.
Igandean, 11:00etan, Kerity, Ipuinen Etxea (Dominique Monfery, 2012) proiektatuko dute. Zazpi urteko Nataenel haurra da protagonista. Izeba Eleonorrek munduko ipuin-bildumarik baliotsuena utzi dio oinordetzan, baina Natanaeli ez zaio batere gustatu. Ipuin horiek sekretu miresgarri bat gorde dute: gaua iristean Alice, Sorgin Gaiztoa edo Kako-oker Kapitaina bezalako pertsonaiak ateratzen dira liburuetatik. Pertsonaia horiek arrisku larrian daudela jakinaraziko diote Natanaeli: betirako desagertzeko zorian daude, baita hainbat belaunalditan zehar umeek miretsi izan dituzten istorio liluragarriak ere. Natanaelek bere lagun berriak eta haien istorioak salbatu nahi baditu, arrisku handiei eta abentura ikaragarriei aurre egin beharko die. Denak salbatuko dituen esaldi magikoa garaiz irakurtzeko gai izango al da?
![zarafa](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2014/01/zarafa.png)
![kerity](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2014/01/kerity-300x117.png)