'Herritmo' ikuskizunak herri kirolak taularatuko ditu
Oreka TX musika taldeak, Kukai Dantza Konpainiak eta Kalakan hirukoteak bat egin dute proiektua aurrera eramateko.
Dantza, musika eta kantuaz gain, Herritmo ikuskizunak herri kirolen ikuspegi artistikoa ere oholtzara eramango du. Larunbatean, urtarrilaren 4an, izango da, Kursaalen, eta gaurkoan Harkaitz Martinez de San Vicente zuzendari artistikoak, Jon Maya Kukai Dantza Konpainiako koreografoak, Thierry Biscaray Kalakaneko kideak eta Nerea Ganzarain produkzio zuzendariak proiektua aurkeztu dute.
“Erronka nagusia herri kirolen diziplina gehitzea izan da. Plastikoki eta sonoroki oso erakargarria iruditzen zitzaigun eta antzokiak ezaugarri horiek indartu ditu”, azaldu du Harkaitz Martinez de San Vicentek. Plazatik antzokira eraman nahi honek lanbideen mugimenduak koreografia bihurtu ditu eta baserriko lanabesen sonoritatea landu. Azken batean, publikoaren aurrean ez ohikoa den planteamendua egingo dute, desafio bat izango balitz bezala.
Proiektuan Oreka TX musika taldeak, Kukai Dantza Konpainiak eta Kalakan hirukoteak parte hartzen dute eta Jon Mayak bakoitzak eman duena azpimarratu du: “Lengoaia desberdineko dantzariak elkartu gara, dantza estilo desberdinak eta esperientzia oso polita izan da. Gainera, elkartu arren, ez diogu guri izateari utzi, bakoitza oso berezia da”.
Larunbateko (urtarrilak 4) ikuskizunerako sarrerak agortuta daude, baina aurrerago Donostian beste emanaldi bat egingo dutela ziurtatu dute.