Mural batekin eman diote hasiera Gazte Asteari Loiolan
Loiolako Sustrai aisialdi taldeak eta Loiolako kultur etxeak haur, gazte eta gurasoentzako hainbat jarduera antolatu dituzte.
Gazte Astea aspaldi egiten zen ekimen bat zen eta duela hiru urte, berreskuratu zuten. Honela, urtarrileko lehen astean, Sustrai aisialdi taldeak eta Loiolako kultur etxeak hainbat jarduera prestatzen dituzte.
Gaurkoan, haur eta gazteei zuzendutako mural bat marraztuz hasi dira. Horretarako, Loiolako kultur etxeko patioan dagoen pareta bat erabili dute eta goizean zehar, murala egin dute. Bertara loiolatarrak ez ezik, Donostiako beste auzoetako haur eta gurasoak ere hurbildu dira; eta amaitu dutenean, gurasoek egin duten txokolate beroaz gozatu dute.
IRUTXULOKO HITZA bertan izan da eta Sustrai aisialdi taldeko kide den Ander Edorekin hitz egin du: “Auzoarekiko jarrera parte hartzailea izatea nahi dugu eta auzotarrek auzoa eraldatu dezaketela erakutsi”, adierazi du. Gerturatu den jendeari buruz oso balorazio baikorra egin du Edok, eta jarduera guztiak irekiak direla azaldu du, nahi duen guztiari hurbiltzeko deia eginez.
Sustrai Donostiako Loiola auzoko gazteei aisialdi alternatibo eta euskalduna eskaini nahi dien aisialdi taldea da. Euskara bultzatzea, giza balioen transmisioa egitea, elkarren artean harremanak sortzea eta jarrera parte hartzaile eta eraikitzaile bat sustatzea du helburu. Horiexek dira egunotan antolatu duten gazte astean islatu nahi dituzten balioak.
[box]
EGITARAUA
Urtarrilak 2
- Toka txapelketa. 18:00. Plazaburu. Aldazabal tabernaren eskutik, gazte zein helduek parte hartzeko aukera izango dute.
- Irteera Ametzagainako gotorlekura. 10:30. Tanga plazatik (latsarien plaza).
- Berbena. 18:00. Eliza kalea. Mikel Egiluzen eusko diskotekarekin dantza egiteko aukera egongo da. Euria egiten badu, kultur etxean izango da.
- Mus txapelketa. 22:00. Ardube taberna. Parte hartu ahal izateko, izena tabernan eman behar da.
- Filma eta palomitak. 18:00. Kapastegi elkargunea. Haur eta gazteentzako filma, gazte asteari amaiera emateko.