Atlas dendara bezero ugari hurbildu da. (Argazkia: Lide Ferreira)
Saltokiek %10 eta %50 arteko deskontuak egiten dituzte eta krisiak oraindik eragiten duen arren, urteak pasa ahala geroz eta jende gehiagok erosten duela aitortzen dute saltzaileek.
Maialen Iñurrategi, Atlas dendako langilea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Merkealdia Errege egunaren ostean hasi ohi da, baina hainbat saltokik eskaintzak lehenagotik egiten dituzte. Izan ere, Espainiako Gobernuak onartutako liberalizazioaren bitartez, saltokiek edonoiz has dezakete orain beheraldi garaia. “Merkealdia berez atzo, urtarrilak 7, hasi genuen, baina urtean zehar dendako zati batean beherapenak dituzten produktuak eskaintzen ditugu”, azaldu du Maialen Iñurrategik, Atlas dendako langileak. Atzo goizean “lasai samar” ibili zirela esan du, baina arratsaldean “denda beteta” egon zen: “Dendara datozenak, bereziki, mutil gazteak izaten dira eta, askotan, bere amarekin etortzen dira. Denda osoan dauden gauzek %20ko beherapena dute eta neguko txamarra eta jertse ugari saltzen ditugu, baina eskaintzen dugun aniztasuna dela eta, arrakastatsuenak oinetakoak dira”.
Angel Fernandez, Izadi Kirolak dendako jabea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Izadi Kirolak dendan, berriz, merkealdia beranduago hasten dute. “Duela urte batzuk ez genuen beherapenik egiten, eskaintzen dugun arropa orain eta sei hilabete barru ere egongo delako. Hala ere, gizarteak duen ohitura horrekin bat egin dugu eta orain online dugun dendan dauden arren, denda fisikoan San Sebastian egunaren ostean hasten dugu”, esan du Angel Fernandez Izadi Kirolak saltokiko jabeak. Astebete lehenago, euren ohiko berezoei merkealdi garaian daudela jakinarazten diete eta aste horretan zehar, bezero berezienei esklusibotasun hori eskaintzen diete. “Ondoren, denda kanpoan kartelak jartzen ditugu, nahi duen orok beherapenez gozatzeko”.
Modas Itziar arropa denda. (Argazkia: Lide Ferreira)
Modas Itziar eta Coclechette dendetako jabeak bat datoz aurten saltzen ari ez diren produktuekin. “Merkealdi honetan ohikoena berokiak eta jertseak saltzea da; baina, neguan gaude eta ez du hotzik egiten eta blusak saldu ditugu bereziki”, aitortu du Clochette saltokiko Conchi Fontalbak. “Hala ere, aurreko urteetan baino mugimendu gehiago dago, jendeak erosteko beldurra galdu du eta eta oso pozik gaude bi egun hauetan izan ditugun salmentekin”, azpimarratu du Susana Saenzek, Modas Itziar dendako saltzaileak.
Bezero bat Clochette dendako arropa begiratzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Merkealdiak bi hilabete inguru iraungo ditu eta, batzuetan, saltokiek epe hori zertxobait gehiago luzatzen dute. Hala ere, egunotan jende ugari hurbildu da dendetara eta askok egun hauek “izugarri” gogoko dituzten arren, badira nekatzen diren batzuk ere: “10:00etan iritsi naiz eta hasieran ez zegoen inor. Gero, ordea, dendak betetzen hasi dira eta ezin izan dut jasan. Praka batzuen bila etorri naiz eta ez dut ezer aurkitu, baina behintzat jaka bat aurkitu dut eta horrekin noa etxera”, aitortu du Ategorrietako Maialen Lopezek.