Joxe Campo eta beste atxilotuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egin dute Egian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Guardia Zibilak zortzi lagun atxilotu ditu gaur, asteazkena, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibo-ko mintzakideen kontrako operazio batean; Jon Enparantza antiguatarra, Joxe Campo egiatarra eta Groseko Aintzane Orkolaga, tartean. Hiru donostiar horien auzoetan mobilizazioak egin dituzte gauean, atxilotuak aske utz ditzaten eskatzeko. Era berean, Bilbon larunbatean egingo duten manifestazio nazionalera joateko deia egin dute protestetan eta, bide batez, auzoetan antolatutako autobusetan izena emateko gonbitea luzatu diete herritarrei.
Hain zuzen ere, presoekiko elkartasun olatua «tsunami» bihur dadin, herritarren laguntza eskatu dute Egian, gauean egindako manifestazioetako batean. Joxe Campo auzotarra izan dute gogoan bertan, eta atxilotuak komunikatuak daudela jakinarazi dute. “Bakea oztopatzeko beste eraso bat da hau, eta horren aurrean erantzun sendoak eman behar dira; mobilizazioen bitartez, hain justu. Bilboko manifestazioa garrantzitsua bazen, are eta garrantzitsuagoa da orain”, adierazi dute. Bilboko protestaren atarian, bihar osteguna manifestazioa egingo dute Bulebarrean. Donostia mailako protesta 19:30ean hasiko da.
Grosen, Pinudi plazan egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Kortxoenea)